Ebelina Mandarinak Sakanako ikasleak konkistatu ditu

Guaixe 2011ko apirilaren 18a

Joan zen ostegunean Euskal Herriko ikasleek JUUL hauteskundeak izan zituzten. 3 urtetik 16 urtera arteko haur eta gaztetxoek gustuko idazle eta ilustratzaileak bozkatu zituzten. Denera, 23.500 bototik gora jaso dira, horietatik 328 Altsasuko Iñigo Aritza eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastoletan. Sakanako ikasleek argi utzi dute zein den haien liburu kuttuna: Castillo Suarezen Ebelina Mandarina liburuak jaso ditu boto gehien, 64 denera. Altsasuko idazlea bi kategoriatan nabarmendu da, 8 urtetik 10era artekoan bozkatuena izan da 42 botorekin, eta 10-12 urtekoen artean bigarren bozkatuena 22 botorekin. Gainera, liburuaren irudiak egin zituen Leire Urbeltz nagusitasun osoz gailendu da ilustratzaileen kategorian, 29 botorekin. Euskal Herri mailan ere emaitza ederra lortu du, 8-10 urtekoen artean hirugarren postuan geratuz.Bestelakoan, 3 urtetik 6 urtera arteko haurren kategorian, Mitxel Muruaren Hansel eta Gretel nagusitu da, 23 botorekin. 6 urtetik 8ra arteko kategorian, Joxan Ormazabalen Hitz eta zaunka gailendu da, 9 botorekin. 10-12 urtekoek Toti Martinez de Lezearen Nur eta magia-kanpamentua hautatu dute (28 boto); eta 12-16 urtekoen artean, Aitor Aranaren Amodioaren gazi-gozoak liburua nagusitu da, 33 botorekin. Sakanan nabarmendu diren idazle eta ilustratzaile batzuek oihartzuna izan dute Euskal Herriko gainerako ikastoletan ere. Horien artean dago Toti Martinez de Lezea. Ez da arabarra gailentzen den lehen aldia. Sarituek pozez hartu ohi dute saria, irakurleek ematen duten sari bakarretakoa baita. Irabazleek Xabier Otero artista nafarraren irudia jasoko dute.