Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Javier Ziga iruindarraren margolanak ikusgai daude Elizondoko Jorge Oteiza Etnografia Museoan. Museoko hormetan zintzilik dauden margolanen arteko bat berezia da sakandarrendako. Nafarroaren lehen Erregearen aldarrikapena izeneko koadroaz ari gara. Navarro Villosladaren Amaya (edo euskaldunak VIII. Mendean) eleberrian oinarrituta dago eta, adituen esanetan, Sakanan kokatzen da.Javier Zigak 1914an, Parisko aldian, tamaina handiko lau koadro pintatu zituen Iruñeko Euskal Zentrorako. Horien artean dago aipatutako margolana. Jaurregizarreko arbolpean, Mezatik eta Sokadantza margolanek osatzen dute laukotea.Nafarroako lehen erregearen aldarrikapena margolan historiko eta erromantikoa da; gai historikoak eta sinbolikoak nahasten ditu. Koadroak Nafarroako 1. Erregearen aldarrikapena azaltzen du. Pertsonaiak zirriborratuta daude, eta haien konposizioak ikuslearen begirada Erregearen aldarrikapenera eramaten du. Margoak momentuaren handitasuna azpimarratzen du. Mihise gaineko olio pintura da eta egoera onean dago.BiografiaJavier Ziga (Iruñea, 1877-1960) Nafarroako margolari handienetako bat da. Politikaria ere bazen. Iruñeko PNVko zinegotzia izan zen. Iruñeko Arte eta Ofizio eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak. Ondoren, Madrileko San Fernando Arte Ederretako Eskolan jarraitu zuen. Bertan irakasle izatera iritsi zen, arrakasta handiarekin. Urrezko bost domina lortu zituen. Marrazkigintzan jantzi nahian, 1911tik 1914ra atzerrira joan zen, bereziki Parisera. Han, inpresionismoa eta posinpresionismoa ezagutu zituen. 1914an, 1. mundu gerra hastean, Nafarroara itzuli zen eta bertan artista gazteak hezi zituen. Margolari nafarraren 348 obra identifikatu dira. Ezagunak dira bere margolan kostunbristak. Sanferminetako kartelgile nagusietako bat izan da, lau urtetan saria lortuz. Gainera, garaiko Nafarroako pertsonai nagusiak erretratatu zituen, besteak beste, Estanislao de Aranzadi edo Arturo Campion. Gure bailara ere irudikatu zuen.