Udal hauteskundeetarako 33 zerrenda aurkeztu dira

Guaixe 2011ko apirilaren 20a

Udal, kontzeju eta Nafarroako Parlamentu berriak aukeratzeko hauteskundeak maiatzaren 22an eginen dira. Dagoeneko jakinarazi dira hauteskunde lehian parte hartuko duten behin-behineko zerrendak. Helegiteak apirilaren 27an eta 28an aurkeztu beharko dira, eta ondorengo egunetan erabaki beharko lirateke. Inork Auzitegi Gorenera edo Konstituzionalera helegitea aurkeztuko balu, maiatzaren 5a arte itxaron beharko litzateke erabakitzeko.

Prozesu horretaz gain, ikusteko dago Espainiako fiskaltzaren ekimenez zer gertatuko den Bildu koalizioaren zerrendekin. Duela lau urte ASB plataformaren zerrendak eta EAE-ANVren zerrenda batzuk baliogabetu egin zituen Espainiako justiziak, 14 guztira.

Genero ikuspegia
Udal hauteskundeetara aurkeztu diren 33 zerrendetatik 23tan alkate-gaia gizonezkoa da eta 10etan emakumezkoa. Arakilen, Arbizun, Ergoienan, Urdiainen eta Altsasun parekatuta dago alkate-gaien kopurua.

Udal hauteskundetara aurkeztutako 33 zerrendak 342 pertsonak osatzen dute. Haietatik 218 (%63,74) gizonezkoak dira, gainontzeko 124ak emakumezkoak dira (%36,25).

Udalak
Bakaikun zerrenda bakarra aurkeztu da, Bildurena. Beraz, Ion Tabar Cayuela litzateke hurrengo alkatea, epaitegiek zerrenda baliogabetzen ez badute. Irañetan eta Arruazun ere zerrenda bana aurkeztu da. Bi herriek 101 eta 250 biztanle artean dituztenez zerrendako bost pertsonari eman diezaiekete botoa alkatea aukeratzeko.

Gainontzeko udaletan ordezkaritza lortzeko lehia egonen da. Hautagaitza gehien dituen herria Altsasu da, 6rekin. Irurtzunen lau zerrenda neurtuko dira. Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian, berriz, hiruna. Azkenik, bina zerrenda aurkeztu dira Arakilen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Ergoienan, Urdiainen eta Ziordian.

Bestalde, Iturmendin ez da zerrendarik aurkeztu. Beraz, udazkenean udal hauteskunde deialdia izanen da Burundako herrian. Duela lau urte epaitegiek zerrendak baliogabetu egin zituen eta azkenean kudeaketa batzordea sortu zen.

Alderdiak herrika
Bildu (11) Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia.
PP (5) Irurtzun, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia.
NaBai (4) Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Ziordia.
PSN (2) Altsasu eta Olatzagutia.
UPN (2) Irurtzun eta Altsasu.
EB-IU (1) Altsasu.

 

Kontzejuak
Arakilgo lau herritan ez da kontzejurako zerrendarik aurkeztu: Etxeberrin, Etxarrenen, Zuhatzun eta Hiriberrin. Udazkenean haiek osatzeko deialdi berria eginen da. Ibarreko gainontzeko kontzejuetan zerrendak aurkeztu dira. Horiek 39 sakandarrek osatzen dute. Haietatik 34 (%87,17) gizonezkoak dira. Kontzejuetako zerrendetan agertzen diren emakumezkoak, berriz, 5 (%12,82) besterik ez dira.

Bitxikeriak
UPNren Altsasuko zerrendan duela bi legegintzaldi zinegotzi izan zen Ramon Casado Oliver tuterarra dago, baita Carlos Garcia Adanero ere, Parlamentuan erregionalisten bozeramaile izan dena. PPren Etxarri Aranazko zerrendan Jose Ignacio Palacios dago, popularren senataria dena. Olatzagutiako zerrendan Ingnacio Cosido Gutierrez dago, popularren Espainiako Kongresuko barne batzordeko bozeramailea. PSNren Olatzagutiako zerrendan Javier Sanz Carramiñana dago, Castejongo alkatea eta senadorea.Bestalde, legegintzaldi honetan alkate izan diren bost pertsonak besterik ez dira alkate-gai posturako aurkeztuko. Txiki Iriarte Vitoria (Irurtzun), Jose Ramon Garin Lizarraga (Lakuntza), Josu Miren  Mendinueta (Arbizu), Maider Goñi Errazkin (Etxarri Aranatz) eta Jesus Mari Arrese Galbete (Ziordia).