Japonia eta apokalipsia

Guaixe 2011ko apirilaren 20a

Berez Japoniako komikietan edozein gai aurkitu daitekeela esan ohi da. Baina manga komikietan (eta baita pelikula edo eta eleberrietan ere) etorkizunari buruz edo etorkizunak nolabaiteko garrantzia duenean bi ikuspuntu  guztiz kontrako aurkitu ditzakegu japoniarren pentsatzeko moduan.Hauetako bat ekologista da, guztiz positiboa edo, nolabait esateko, naturarekiko errespetua erakusten duena (natura errespetatu beharra dago eta hori eginez gero gure etorkizuna zoragarria izango da). Bigarrena, ordea, guztiz apokaliptikoa da non munduaren geroa beti oso ilun agertzen den. Bi ikuspuntu hauek bigarren gerrate mundialean Hiroshiman izandako gertaeran dute oinarria. Lehenengoak zientzia eta industrializazioaren ondorio bezala ikusten du bonba atomikoa eta horregatik naturarekiko hurbiltasuna eta errespetua aldarrikatzen du. Bigarrenak gure izaera ezin aldatu dezakegunez, berez destruktiboak garela deritzo eta noizbait apokalipsi antzeko bat etorriko zaigula.Egun hauetan Fukushiman izandako istripu nuklearraren ondorioz zenbait komiki katastrofikoren adibideak erakusteko ideia izan dut.AKIRA (1988-ko Klasiko bat). Hirugarren gerrate mundialak sekulako leherketa atomikoa eragin zuen Tokio hiriaren erdialdean ia guztiz suntsituz. Hiria, gobernu erdi zibil erdi militar batek gobernatzen du talde terrorista batek kontra egiten diolarik. Aldi berean motorretan dabiltzan gazte bandaz josirik dago hiria eta egunero beraien artean borrokatuz bizi dira, gobernuaren legeak saihesten dituzten bitartean. Banda hauetako baten bi partaideen bizia deskribatzen da mangan, non istripu baten ondorioz protagonista bat militarren eskutan erori eta esperimentu psikiko arriskutsuak egiten hasten diren berarekin."La leyenda de la madre Sarah" (1990): Gerrate atomiko baten ondorioz lurrean ez dago bizitzerik eta gizartea espaziountzi batean bizi da noiz bueltatu zain. Denbora pasa ahala zientzialariek bueltatzeko aukera dagoela esaten dute baina horretarako bonba bat bota behar dela lurraren ardatza aldatzeko. Orduan espaziountzian guda zibil bat pizten da bonba botatzekoen alde eta kontrakoen artean eta horretan daudela espaziountzia hondatu eta jendea lurrera ihes egiten du, nahiz eta ez den guztiz bizitzeko egokia. Mundu apokaliptiko honetan ihesaldian bere hiru semeen aztarna galdu duen Sarah-k bere semeak berreskuratzeko bidaia arriskutsu eta epikoa hasten du."GUNNM: Alita angel de combate": Mundua bitan zatituta dago, plataforma hegalari batean bizi den klase sozial boteretsua, luxu eta plazer guztiekin, eta lurrean bizi den klase sozial xumea. Plataformakoek beren zaborrak lurrera botatzen dituzte eta lurreko gizakiek hondakin hauetatik lortzen dituzte beren gauzak. Esaten omen da mila milioi aurreztean plataformara igotzeko aukera dagoela, baina diru hori lortzea arras zaila da. Horrtarako jendeak denetarik egiten du, lapurtu, robotak saldu, organoak lapurtu... Protagonista goiko plataformatik erori zen memoriarik gabeko robot txiki bat da, non borrokarako gaitasun bereziak dituela ematen duen, nahiz eta zergatik jakin ez.