Bilduren zerrendak baliogabetu dituzte

Guaixe 2011ko maiatzaren 2a

EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa. Hark jarritako helegitea ostiralerako ebatzi beharko daEspainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak baliogabetu egin ditu Bildu koalizioak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztutako hautagaitza guztiak, 254 zerrendak. Aretoko epaileen gehiengoaren ustez, ETAk eta Batasunak zuzendu eta kontrolatu dute Bildu. Beraz, ontzat eman dituzte Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren inpugnazioak. Bilduk Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du. Bi egun dauzka helegitea aurkezteko, eta Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia, kanpaina ostiralean hasiko baita.ArrazoiakEstatuaren abokatuaren iritziz, Bilduren zerrendak "ETA-Batasunak zuzendu eta osatu" ditu. Fiskaltzaren ustez, EA eta Alternatiba hauteskundeetara aurkezteko bide gisa erabili ditu Batasunak, eta idatzian arrazoitu du "ETA-Batasunak diseinatu" zuela koalizioaren formula.Bilduk argudiatu du ETAk eta Batasunak diseinatuta dagoela esateko "froga objektiborik" ez dagoela. Gainera, azpimarratu du aldatu dena ezker abertzalea izan dela eta EA eta Alternatiba betikoak direla. Bilduren ustez, "kontrazantzu sendo eta nagusi" bat dago; hau da, EAk eta Alternatibak urteotan izan duten ibilbidea. Bi alderdiok beti irmo azaldu dira ETAren indarkeriaren kontra, eta, beraz, "ez dago zalantza izpirik" alderdi demokratikoak direla, Bilduk alegazioetan dioenez.Sortu ezker abertzaleko alderdiaren auzia ere Goreneko 61eko salak aztertu zuen, duela aste batzuk; bederatzi epaile alderdia erregistratzearen kontra azaldu ziren, zazpi alde. Ezker abertzaleari buruzko auzi saioetan sekula ez da izan halako zatiketarik Gorenean.OndorioakEspainiako Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren erabakia berretsiko balu udal eta hauteskundeetako eskaintza erabat aldatuko luke. Sakanan udal hauteskundeetara aurkeztutako 33 zerrendetatik 11 Bildurenak dira. Haietatik bi, Lakuntzakoa eta Arbizukoa, epaitegiaren ebazpenaren aurretik erretiratu ziren hauteskunde lehiatik. Bildu hauteskundeetan ez balego ondorio jakin batzuk izanen lituzke: Arakilgo alkatetza independenteen esku geldituko litzateke, Uharte Arakilgo alkatetza PPren esku eta  Bakaikun aurkeztu den zerrenda bakarra baliogabetuta, ez litzateke udalerako hautagaitzarik izanen. Urdiainen, berriz, Urdiaingoak Elkarturik Aurrera zerrenda izanen litzateke aurkeztuko zen bakarra. Ziordian NaBai 2011ren zerrenda litzateke bakarra. Sakanako beste herrietan hala geldituko lirateke gauzak. Irurtzunen NaBai, UPN eta PPren eskaintza lukete. Irañetan eta Arruazun zerrenda bakar bana izanen da. Lakuntzan eta Arbizun, Bildu erretiratu ondoren, eta beste zerrenda baliogabetu ondoren ez litzateke udal hauteskunderik izanen. Ergoienan bi zerrenda izanen dira hauteskunde lehian. Etxarri Aranatzen NaBai 2011 eta PPren zerrendak leudeke. Altsasun, IU-EB, NaBai 2011, PP, PSN eta UPNren zerrendak egonen lirateke hauteskundeetan eta Olatzagutian, azkenik, PP eta PSNren hautagaitzak.  111 sakandar Bilduk ibarrean aurkeztu dituen 11 zerrendak 111 sakandarrez osatuta daude. Baliogabetutako Lakuntzako eta Arbizuko zerrendetan, bestalde, 22 sakandar daude. 2007ko hauteskundeetan Espainiako epaitegiek Abertzale Sozialisten 10 zerrenda baliogabetu zituzten eta EAE-ANVren 4. Aurrenekoen siglekin 102 sakandar aurkeztu ziren, eta bigarrenarekin 38 ezin aurkeztu gelditu ziren. 2003ko udal hauteskundeetan 9 herrietan ezker abertzaleak aurkeztutako zerrendak baliogabetu zituzten. Haiek 116 sakandarrez osatuta zeuden. Igandekoa baieztatuko balitz, azken hiru udal hauteskundeetan 367 sakandar hautatuak izateko aukera gabe gelditu dira.