Bilduren zerrenden baliogabetzeen kontra

Guaixe 2011ko maiatzaren 4a

Astearte arratsaldean makina bat sakandarrek herrietan egindako kontzentrazioetan parte hartu zuten. Elkarretaratze horiekin Espainiako Auzitegi Gorenak Bilduren zerrendak baliogabetzeko hartutako erabakia salatu zuten. Kontzentrazioek Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez lelopean egin ziren. Jaso ditugun datuen arabera Uharte Arakilen 40 pertsonek parte hartu zuten kontzentrazioan, Etxarri Aranatzen 152. Altsasun kontzentrazioa egin beharrean 70 pertsonek Foru eta Zumalakarregi plaza arteko bidea egin zuten. Bidean informazio esku-orriak banatu zituzten, ni ilegala? zioten pegatinak soinean zeramaten bitartean. www.hitzondo.net atariak zabaldu duenez, Guardia Civilaren presentzia itogarriagatik sakabanatu zen taldea.Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari helegitea aurkeztu dio Bilduk. Epaitegi Konstituzionalak bihar gauerdia baino lehen eman behar du epaia, ostiralean hauteskunde kanpaina hasten baita.