Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Iratxo Mendi Taldeak antolatuta, 702 mendizalek bat egin zuten larunbatean 22. Sakanako Ibilaldi Handiarekin. Mendizaleek bi aukera zituzten: A aukera, Hiru Baselizak - San Donato, San Migel eta Ergako Trinitatea - batzen zituena (55,4 km metro, 3.000 metroko desnibela), eta B aukera, Ibilaldi Handia, Irañetako bidea izenekoa (40,2 km, 1.900 metroko desnibela). Gehienek, 500 inguruk, aukera gogor eta luzeenaren alde egin zuten, eta gainontzekoek, aukera laburragoaren alde. Eguraldia lagun, euririk gabe eta nahiko fresko, goizeko 6:00etan ibilaldiari ekin zioten Irurtzundik, gogotsu. Aipatzekoa da bi ibilbideak IV. Nafarroako Mendi Ibilaldien Zirkuituan eta X. Euskal Herriko Mendi Ibilaldi Luzeen Zirkuituan sartuta daudela, eta, horretaz gain, A aukera osatu zutenek puntu bat jaso zutela Mont Blanc inguruan The North Facek antolatzen duen ultra trail probetan aritzeko. Irurtzunetik atera eta Txurregi igo eta gero, bi ibilbideek batera jo zuten Euskal Herriko Erdigunera arte. rdigunearen kalkulua Felix Isasa ingeniariak kalkulatu zuen barizentroaren kontzeptuan oinarrituta eta San Donato ermitatik gertu dago, Andiako Olibesarioko saroian, 1.236 metroko altueran, X:586.936 eta Y:4.748 koordenatuan. Ondoren, A aukerakoek Beriain puntan dagoen San Donatora jarraitu zuten, handik Uharte Arakilera jaitsi eta segidan Aralarko San Migel santutegira igotzeko. Ondoren, Aralarren aurrera eginez Agiritik barna Madotzera heldu, Goldaratzera iritsi eta Ergako Trinitatea igo zuten, bertatik Irurtzunera jaisteko.Eta nobedade moduan, ibilbide laburraren gogortasuna arintzeko, estrainekoz Euskal Herriko Erdigunetik pasa eta gero, Irañetara jaitsi ziren B aukerakoak, bertatik Urruntzure iturburura jotzeko eta bide zaharretik barna Lizarratzu eta Armentia pasatzeko, Madotzeko gurdibideraino heltzeko. Larrazpil eta Goldaratzera heldu eta gero, Etxeberritik barrena Irurtzunera heldu ziren. Ibilbide berriaren edertasuna aipatu zuten mendizaleek.Ohiko moduan, hitz politak entzun zituzten antolatzaileek. Mendizale gehienek proba ez lehiakorraren gogortasuna eta edertasuna goraipatu zituzten, eta antolakuntza "oso ona" zela nabarmendu zuten. Guztia ongi joateko 50 boluntario inguru aritu ziren lanean. Iaz 1.092 mendizalek hartu zuten parte Sakanako Ibilaldi Handian, baina Iratxokoak kontentu zeuden aurtengo parte hartzearekin. "600-700 mendizale ingururen parte hartzea da normala, eta, hortaz, ibilaldia urtetik urtera mantentzen dela argi dago" nabarmendu zuten Iratxo elkartetik. Aipatzekoa da ez zela istripu aipagarririk gertatu, eta balorazioa ona da.Batzuk korrika osatu zuten ibilbidea eta horiek izan ziren Irurtzunera lehenak iritsi zirenak. 14:30ean Irurtzungo kontrola zabaltzeko zain zeuden 30en bat mendizale. Aldiz, 10-12 ordu inguruko tartean iritsi ziren A aukera hautatu zuten mendizale gehienak. Hala izan nahi zutenek, Surya masaje eskolako kideen masajeak jaso zituzten, eta, horretaz gain, guztiek diploma eta oparia jaso zuten.