Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pagoa zutitzen lehenak bakaikuarrak izan ziren. 60 bat pertsona bildu ziren Hartzabalen maiatza zutitzeko edo lana nola ikusteko. Bakarrekoetxea elkartea izan zen zuhaitza mozteko baimena eskatu zuena.Mendizelaiko bidean auto pila bildu zen Etxarriko maiatza jartzera joandakoek eramanak. Etxarrin lanak aurreratzea erabaki dute eta 12:30erako zutik zen pagoa Meize gainean. Horrek mendian gora abiatutako asko ezustean harrapatu zituen. Bai bakaikuarrek, bai etxarriarrek lana egiteko hego haizearekin borrokatu behar izan zuten. Etxarriarrek, hala ere, 8 minutuan zutitu zuten maiatza.Iturmendin 55 minutu behar izan zituzten aspaldiko maiatza handiena jasotzeko. 27,5 metro luze eta bi tonako pisua jaso behar izan zuten 40 bat iturmendiarrek. Hiru maiatzak hilaren akaberara arte zutik izanen dira. Orduan moztu eginen dituzte. Iturmendin, garabi batez aterako dute eta egurretarako saldu. Dirua kintoendako izanen da.ZiordiaDomekan, sinbolikoki, maiatza jaso zuten plazan, Ziordia Bizirik plataformaren ekimenez. Ontzi batean jarritako txaratxo bat zutitu zuten. Ekitaldiarekin plataformak salatu nahi izan zuen udalak ekintza burutuen bidez maiatza jasotzea debekatu duela. Ziordia Bizirik plataformatik esan dutenez, 2008an eta 2009an ez zen maiatzarik jarri eta pasa den urtean plataformak berak hartu zuen hura jasotzeko ardura. Azaldu dutenez, udalak gerta zitekeenaren arduradun plataformako kide bat eginarazi zuen, agiri bat sinatuz. Horregatik, pasa den urtean garabi baten laguntzaz jaso zen maiatza.Aurten plazako lurra berritu da. Baina maiatza jasotzeko zulorik ez dago. Udalak Ziordia Bizirik plataformari beste plaza batean maiatza jasotzeko proposamena egin zien. Baina han ere pagoa zutitzeko zulorik ez dagoela salatu du plataformak.Ziordiko Udaletik azaldu digute arduradunak eskatzearena maiatzak igotzeak duen arriskuagatik egiten dutela. "Zerbait gertatzen bada zein da arduraduna? " galdetu dute. Eta gaineratu dute plazan ez dutela maiatza jasotzeko zulorik eginen: "lurra berritu berri dugu. Maiatza kentzeko moztu egin behar da eta erortzean lurra hondatuko du".Udal arduradunek ere nabarmendu digute plataformari galdetu ziotela, plazatik kanpo, maiatza non jarri nahi zuten, han zuloa egiteko. Udal kudeatzaileek diote erantzunik ez dutela jaso eta proposamen bat jasotzeko zain daudela, tokia adosteko.