Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Italiako Giroko hirugarren etapa inork espero ez zuen moduan bukatu zen. Helmugarako gertu zegoen hirugarren mailako Passo di Bocco mendatea jaisten ari zela, erorikoa izan zuen Leopard taldeko Wouter Weylandt txirrindulari gazteak. Babes harresi bat jo, buruan sekulako kolpea hartu eta hil egin zen 26 urteko txirrindulari belgikarra. Txirrindulariek helmugan izan zuten gertatutakoaren berri, eta berehala samina eta tristura zabaldu ziren txirrindularien eta zaleen artean.Etapa gutxienekoa da, baina esprintean erabaki zen eta Androni Giocattoli taldeko Angel Vicioso izan zen azkarrena. Giroan dabilen sakandar bakarra, Euskaltel taldeko Jorge Azanza altsasuarra, lurrera erori zen ere Passo di Boccoko jaitsieran. Zorionez ez zuen minik hartu baina denbora dezente galdu zuen. Sailkapen orokorrean GBR taldeko David Millar da liderra eta Jorge Azanza 199.a da, 10:34ra. "Oso gaizki nago. Ez nire erorketarengatik, ohiko urradura eta erreduraz gain ezer ez dudalako. Passo di Boccoko jaitsiera gogorra zen, errepidea estua baita, eta bihurguneak oso arriskutsuak, eta horietako batean joan naiz lurrera. Gogorrena Weylandt lurrean larri ikustea izan da, eta jarraitzea oso gogorra izan da. Nire profesional bizitzako egunik latzenetakoa izan da" adierazi du altsasuarrak Diario de Noticiasen.Gaur Giroko laugarren etapa jokatuko da, Quarto dei Mille eta Livorno artean, 216 kilometroko etapa laua, soilik Passo del Bracco eta Montenero gain txikiak dituena. Esprinterrendako propioa den etapa da. Txirrindulariak jota aterako dira eta Weylandten aldeko omenaldiak izango dira, baina Giroak aurrera eginen du. Gertatutakoaren ondoren, Giroaren, eta, orohar, txirrindularitza proben arriskuengatik ahots kritikoak entzun dira.