Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Miren Agur Meabe idazle bizkaitarrak (Lekeitio, 1962) bigarrenez jaso du Espainiako Kritika Saria, 2000. urtean narratiba atalean Azalaren Kodea liburuarengatik lortu baitzuen.Bere Ni poetikoa azaltzen da hasieratik eta liburu osoan zehar zabaltzen da. Hiru ataletan banatua dago liburua: La vie en rose, Harearen geriza eta Zapitxo intimoak.Lehendabizikoan, Ni emakumezkoa agertzen da; bigarrenean, Ni horren amaren gaixotasun, heriotzaz eta doluaz; hirugarrenean, Niaren sentsualitateaz."Bitsa eskuetan" liburu intentsua da, Meabek bukaeran esan bezala, "min itzela dut eskuetan" : bere sentipen guztiak "asko maitatzea, asko sentitzea" agerian uzten ditu irakurleok bere poesia aberatsez goza dezagun.Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) duela hamabi urte eleberririk argitaratzen ez zuen arren, 3 Mariak azkeneko liburuarekin indartsu berragertu da.Hiru emakumezko dira eleberri labur honetako protagonistak, haurtzaroan elkarri egindako promesari heldu nahi diotenak. Gerrak herritik, elkarrengandik urrunduta zahartzaroan Txuri, Gorri eta Handik ahaleginak egingo dituzte ilusioz aurrera begiratzeko, bizitzen segitzeko. Zahartzaroa ez dela malenkoniaz, tristuraz, aieneka bizi behar adierazi nahi digute, bidean utzitakoa edo galdutakoa ahaztuko ez den arren.Gorriren pertsonaiak indar handia dauka, bera baita txikitako hitzari ekingo diona. Bigarren mailako pertsonaiak, gaztaroko gizonezko laguna izan ezik, gazteak dira, ordea; protagonistei goxotasunez laguntza emango dietenak.Eleberria atsegina da, goxoa; laburra eta ulerterraza, oso euskara landuaz idatzia.