Sagaseta Luzaideko dantzen ikerlari

Guaixe 2011ko mai. 10a, 00:00

Urdiaingo apaiz Migel Angel Sagaseta Ariztegik Luzaideko ddantzak liburua aurkeztu zuen apirilaren 24an, Luzaideko Bolanta Egunean. Urdiaingo apaizak Luzaideko dantzen inguruko liburua argitaratu zuen 1977an, Nafarroa iparraldeko herrian apaiz zela. Luzaidetarren dantzarekiko maitasunak kutsatuta, Sagasetak Luzaideko dantzen inguruko azterketa sakona egin zuen. Orain, liburua zuzendu eta osatu du.

Liburua
Gerra eta debekuen gainetik, Luzaideko herriak dantza tradizio aberatsari eutsi dio. Migel Angel Sagasetak altxor hori gorde nahi izan du. Dantza tradizionalen historia, pausuen marrazkiak, argazkiak eta partiturak jaso ditu. Liburuaren bertsio berrian dantza, melodia eta partitura gehiago sartu ditu. 25 Jauzi luze eta 10-15 Jauzi motz zerrendatu eta haien pausu nagusiak deskribatu ditu. Gainera, musikari eta dantzarien biografia laburra bildu du. Liburua Euskal Herriko dantzen adibide bikaina izateaz aparte, garai bateko gizartearen lekuko ere bada. Material guztia euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako 886 orriko liburu ederrean bildu du.

Ikerlari
Migel Angel Sagaseta sortzez iturendarra da. Apaizgintzak Sakanara ekarri zuen. Urteetan Etxarri Aranatzen izan eta gero, gaurko egunean Urdiaingo apaiza da. Aurretik, Luzaideko apaiza izan zen zazpi urtez, 60 hamarkadan. Bertako dantza tradizio aberatsak txundituta utzi zuen iturendarra. Musikarendako belarri finaz baliatuta, ikerketa lan sakonean murgildu zen. Magnetofoia hartu eta baserriz baserri ibili zen galtzear zeuden melodiak eta ahaztutako pausuak jasotzen.

Lan haren emaitza izan zen Luzaideko dantzak liburua. Argitaratu eta denbora gutxira agortu zen liburua eta luzaidetarrek eta Euskal Herri osoko dantzari eta musikariek altxorraren pare dute. Dantzariek eta musikariek asko miresten dute Migel Angel Sagasetaren lana. Gainera, bere lanari esker Luzaideko dantzek osasuntsu jarraitzen dute eta Euskal Herri osoan ezagunak dira. 2002an Baigorriko Basaizea kultur elkarteak Migel Angel Sagaseta omendu zuen, bere lana eskertu nahian.

Dantza eta musikarekin batera, historia da iturendarraren afizioa. Sagasetak Sakanako zenbait herritako historia ikertu du. Migel Sagaseta Ariztegi Beleixe irratia (FM 107.3)

Zein lotura duzu Luzaiderekin?
Apaiztu eta hura izan nuen lehen destinoa. Gazte eta indarrarekin joan nintzen eta hango dantza giroak harritu ninduen. Denek barru-barrutik bizi zuten, eta barru-barrutik bizi dena atera egiten da. Edozein etxetan egin nezakeen liburu bat. Emaitza Luzaideko ddantzak liburua edo entziklopedia da. 886 orrialde. Erraz esaten da. Egia eta gezurra da. Kendu 125 orri musika hutsa dena eta beste 150 orri argazkiak direnak, eta gainerakoa bitan zatitu, euskaraz eta gaztelaniaz baitago. Idatzia akaso 300 orritik behera geratuko da.

Liburuak aurrekaria dauka.
Bai, Luzaiden nengoela, dantza giroak kutsatu ninduen. Problema zuten edonora joateko musikaririk ez zutela. Bi mutiko gazteri txistua ikasten hasi nintzen eta haien esku bertako musika jartzea pentsatu nuen. Baina bati eta besteari eskatu, eta buruz jotzen zutela esan zidaten. Horrela, bi mutiko haiei eta beste gazte batzuei pasatzeko, jasotzera behartu nintzen. Belarriz ikasita zutenei kantatzeko esan, magnetofonoan grabatu eta transkribatu egiten nien. Zaharrengana ere joan nintzen eta haiek galtzen ari ziren dantzen edo aireen berri ere eman zidaten. Ikerketa lan horren emaitza da liburua.

Liburua Luzaideko ddantzak deitu dut, baina esan behar da jauziak ez direla Luzaidekoak, ingurukoak baizik. Iparralden eta Biarnen ere dantzatzen dira. Luzaideko izena eman diot, han ezagutu nituelako eta han behin ere galdu ez direlako. Batetik, bolanta egunean dantzatzen diren dantza guztiak jarri ditut. Baina egin dudan lanik handiena jauziak ikertzea izan da. Galtzeko arriskuan zeuden. Lapurdi osoan galduta zeuden kasik, 3 herritan salbu; Baxenafarroan ere ia galduta zegoen; Xiberuan 4-5 dantza egiten zituzten eta Biarnon ere bai. Luzaiden, berriz, 7 jauzi zituzten.

Zer dira jauziak?
Korroan egiten diren dantzak dira. Guk ezagutzen ditugun dantzak (jota, porrusalda, zortzikoa...)  zortzi edo 16 konpasekoak dira. Jauziak, berriz, batzuk 9, besteak 12... Urratsak ez dira asko, 25 bat izanen dira, bariante txikiekin, eta konbinatu egiten dituzte. Hori nola dantzatu? Buruz ikasi edo norbaitek markatuta.

Nolatan berritu duzu liburua?
Lehen lanarekin nire helburua ikerketa bera zen. Behin Jose Mari Satrustegirekin topo egin nuen, bera ere Luzaiden egona. Hark bultzatuta publikatu nuen lehen liburua, batez ere, musika dantzari eta musikarien esku jartzeko. Duela 14 bat urte bizkaitar bat, Sabin Egiguren, etorri zitzaidan liburuaz galdezka, aspaldi agortuta zegoela eta kopien kopiak ateratzen zituztela esanez. Liburua berrargitaratzera animatu ninduen. Hura osatzeko lehen ibili ez nintzen tokietan ibili naiz, Biarnon.... Liburua hor potolotu da.

Nola eginen da liburuaren banaketa?
Kasik erdia Luzaiden saldu zen, Bolanta egunean. Beste batzuk, Iruñeko Mutiko Alaiak taldearenera eraman ditut, batzuk Donostiara... Gutxi argitaratu ditut, 500 bat ale. Zerbitzua, batez ere dantzarientzat da.