Sakandarrak Nafarroako musika eskolen egunean

Guaixe 2011ko maiatzaren 13a

Larunbatean 1. Nafarroako Musika Eskolen Eguna hartuko du Zangozak. Ospakizuna Nafarroako Musika Eskolen Elkarteak antolatu du. Helburua bikoitza da: batetik, musika eskolen lana kalera ateratzea, eta bestetik, musika eskolen arteko hartu-emana sustatzea. Festa giroan, aldarrikapenerako tartea ere eginen dute, eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntza eskasak salatuko dituzte. Zangoza Nafarroako 17 herri eta bailaretako musika eskoletako ordezkarien bilgune izanen da. Bertan izanen dira Altsasuko eta Irurtzungo musika eskoletako ikasleak. Altsasuko eskolako abesbatzak, fanfarreak, gaitak, talde instrumentalak eta konboek hartuko dute parte. Irurtzundik, berriz, trikitixa, fanfarrea eta ganbera musikako taldeak joanen dira. Bestelako musika taldeak ere izanen dira, besteak beste, batukada, akordeoi taldeak, txistu taldeak eta perkusio taldeak. Denera, 1.000 musikari espero dituzte.Zangozako kaleak musikaz beteko dira bihar. Goizeko 10:00ak aldera emanen diote hasiera ospakizunari. Musikariak lau eskenatokitan banatuko dira. Bestalde, zenbait banda eta gaita, txistu, trikitixa eta akordeoi talde kalejiran ibiliko dira. Musika festa eguerdian amaituko da amaiera ekitaldiarekin.