Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Italiako Giroko bosgarren etapa jokatu zen, Piombino eta Orvieto artekoa (191 km). Etapa gogorra izan zen, oso gorabeheratsua. Gainera, tartean asfaltorik gabeko lurreko zatietatik, sterratoetatik, pasa behar izan ziren txirrindulariak. Helmugarako 7 kilometroren faltan Rabobank taldeko Pieter Weening-ek eraso gogorra jo zuen eta lan bikaina egin zuen, maldan gora zegoen Orvietora bakarrik helduz. 8 segundora sartu zen tropela. Giroan dabilen sakandar bakarra, Euskaltel-Euskadiko Jorge Azanza altsasuarra, 5:06ra sartu zen.Etapa irabazteaz gain, lidergoa eskuratu zuen Weeningek. Jorge Azanza 123.a da, 15:25era. Aipatzekoa da hainbat eroriko izan zirela, eta tartean Rabobankeko Tom Slagterrek eroriko larria izan zuela, 20 minutu egon zen lurrean mugitu ezinik. Zorionez, ez du larritasuneko zauririk. Baina 12 txirrindularik utzi behar izan zuten lasterketa.Gaur seigarren etapa jokatuko da, Orvieton hasi eta Fiuggin despedituko dena, 216 km eta gero. Etapa luzea da, baina laua, esprinterrendako aproposa.Bihartik hasita mendian murgilduko da Italiako Giroa. Ostiraleko etapa Montevergine di Mercogliano gainean despedituko da, eta faborito handiak hor hasiko dira aldeak ateratzen. Larunbatean aldapa batean despedituko da lasterketa, Tropean, eta igandean Messina-Etna etapa ikusgarria jokatuko da. Etna bi tokietatik igoko dute txirrindulariek. Astelehena atseden eguna izango da eta asteartetik ostegunera bitarteko etapak ihesaldietarako eta esprinterrendako egokiak izanen dira.