Musika kontzertuak loratzen

Guaixe 2011ko maiatzaren 13a

Maiatzean sartu gara eta sakandarrak kalera ateratzeko gogotan daude antza. Asteburu honetan aukera ugari dugu.  Arbizuko Karrika tabernak Kituka Burundi taldea gonbidatu du. Gauerditik aurrera Burundako taldeak dantzan jarriko ditu arbizuarrak. Perkusioa, musika, kantuak eta dantza ez dira faltako. Lakuntzako Ongi etorri tabernan ordu erdi geroago dute hitzordua, 00:30ean. Taberna txikia izanik ere, hiru talde handi gonbidatu dituzte: Destrozo general, Los chumacos eta Orangutan swimming etxarriarrak. Giro ederra espero dute. Azkenik, Olatzagutian, berotuta iritsiko dira kontzertuetara. Asteburu osoan hamaika jarduera dituzte Maisuenea Gaztetxearen 16. urtemuga ospatzeko. Bihar izanen dute egun nagusia. Hamaiketakoa, ikastaroak, puzgarriak, bazkaria, kalejira eta beste izan ondoren, jai giroan amaituko dute festa, Los Zopilotes Txirriaos eta La Tuna Rastafari taldeekin.