Barcina balorizazioaren alde

Guaixe 2011ko maiatzaren 17a

Yolanda Barcina, UPNren gobernurako hautagaia, atzo goizean Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas enpresan izan zen. Zuzendaritzarekin bildu ondoren, Barcinak enpresagatik bere "interesa, kezka eta konpromisoa" adierazi zituen. Barcinak gogora ekarri zuen taldeko zuzendariak aurreko astean esandakoa: "balorizatzen da edo ez dago inbertsiorik. Denok dakigu inbertsio ezak lehiakortasuna galtzea eta galbidera eramanen lukeela porlandegi hau". Barcina balorizazioaren alde agertu zen. Alderdi eta sindikatu abertzaleei zuzendu zaie galdetzeko: "zergatik boikoteatzen dute balorizazioaren ezarpena, nazioartean onartutako teknika denean?". Zergatik Lemoan balorizatzen da eta hemen ez?" Barcinak ziurtatu du ingurumen argudioak "aitzakiak" besterik ez direla. Sindikatu abertzaleei langileak defendatu beharrean politika independentista egitea leporatu zien. Alderdi eta sindikatu abertzaleei leporatu zien Sakanako ehunka familien etorkizuna arriskuan jartzea. Azkenik, bera, gobernutik Sakanara ere gizarte elkarrizketaren onurak ekarri nahi dituela adierazi zuen.