Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Domekan NaBai 2011k mitina eman zuen Altsasun. Txentxo Jimenez hautagaiak esan zuenez, "NaBairik ez balego Nafarroan ez legoke aldaketarako aurreikuspenik, gu baikara aldaketa posible egiteko baldintzak ditugunak". Koalizioaren izaera ikur gisa jarri zituen elkarrizketarako gaitasuna eta akordioetara iristeko malgutasuna. Jose Angel Agirrebengoak UPNri "mespretxuz" aritzea leporatu zion: "irudi manipulatua saltzen du eta horrekin justifikatu nahi du Altsasuko Udalak eta Sakanak Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotzen duten bazterketa eta penalizazioa". Politika horretan PSNk UPN laguntzen duela salatu zuen Agirrebengoak. NaBai 2011ko Altsasuko zerrenda-buru Asun Fernandez Garailde Lazkanok berretsi zuen lanerako prest zegoela eta ukatu egin zuen hautatu eta hurrengo egunean dimitituko zuenik. Alkate izanez gero bi soldata ez lituzkeela jasoko eta udalekoari uko eginen liokeela esan zuen.