ELAk esperpentotzat jo ditu Barcinaren esanak

Guaixe 2011ko maiatzaren 19a

Yolanda Barcinak astelehenean Olatzagutian esan zituenak Sakanako ELAren erantzuna izan dute. "Ibarraren egoera soziolaborala sinplifikatuz burla egin digu; ez du egoera ezagutzen eta lana galdu duten edo galtzear dauden pertsonekiko errespetu gutxi erakutsi du". ELAk esan dio Barcinari bere zilborrera begiratu eta Nafarroako Gobernuak urtetan eskualdean egin ez duena kontuan izateko. "Sakandarren helburu bakarra gure lanaz bizitzea da, eta ez karitatearen eta funts publikoen menpe bizi". Sunsundeguiri dagokionez, ELAk adierazi du langileak ez direla arazoa. "Barcinak hobe luke Altairrek egindako bideragarritasun plana betearaziko balu". ELAk argitu duenez, 4 urteko plana da eta bere helburua enpresa modernizatzea da. Bestalde sindikatuak nabarmendu duenez, Sunsundegui autobusak karrozatzeko toki aparta da beste inora joan behar izan gabe. Barcinak Sakanako egoeraren lehen eskuko informazioa jaso nahi izanez gero bilerarako gonbitea egin dio ELAk.