Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean, Etxarri Aranatzen, Aitziber Sarasolak, Bilduko Nafarroako Parlamenturako hautagaiak esan zuenez "eszenatoki berri bat behar dugu, non pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko diren". Sarasolak esan zuen Bilduk erakundeetara politika egiteko modu berri bat eramanen duela, eta auzolana eredu hartuta. Sakanako egoera sozio-laborala ez dela xamurra nabarmendu zuen. "Baina hori ez da kasualitatea. Nafarroako mendialde guztia dago horrela. Inposatutako desoreka da". Sarasolak esan zuenez, "eszenatoki berria lortzeko ezinbestekoa izanen da UPN bazterrera botatzea. Bildu horretan saiatuko da". Oihana Lopez Bilduren parlamenturako hautagaiak, berriz, ziurtatu zuen koalizioak Nafarroako aldaketa politiko soziala bulkatuko duen subjektua dela. "Egungo eredua errotik aldatuko duena eta korporazio handien interesen gainetik pertsonak lehenetsiko dituena. UPNren politika neoliberala da egungo egoeraren arduradun gorena". Beraz, "herritarren eskubide sozial eta laboralak irmoki defendatuko ditu Bilduk. Lan harremanen eremu propioa aldarrikatu zuen. Sakanarako garapen plan bat bultzatu beharra dago, Sakanatik Sakanara, instituzioak eta eragileak elkarlanean arituz". Etxarri AranatzBilduko alkategaiak, Jose Ignacio Bakaikoa Aristorenak nabarmendu zuen autodeterminazioa helburu dutela. "Neoliberalismoa edo zentralismoa ez diren beste parametro batzuk erabili nahi ditugu". Bakaikoak azaldu zuen Bilduk konfrontazio demokratikoa landu nahi dutela, eta horretarako indartu beharra dagoela ziurtatu zuen. Eta, gaineratu zuen, bai Etxarrin bai Euskal Herrian ezkertiar eta abertzaleen bilkura bakarra dela koalizioa. Konponbidea nahi eta behar dugula adierazi zuen. Eneka Maizek Bilduko hautagaiak esan zuen etxarriarrendako eta etxarriarrekin lan egiteko sortu dela haien taldea. Zerrendarekin herriko bi joera historiko eta errotu bat egiten jakin dutela ziurtatu zuen Maizek. "Diferentziak alde batera utzita elkarrekin lan egiteko prest gaude". Herri programan lau ardatz nabarmendu zituen Bilduk asteartean: egoera sozio-ekonomikoa hobetzea; euskal presoen kolektiboarekin lan egiteko prest azaldu ziren; euskararen arloan UEMAn aldaketa ematearen alde agertu ziren eta, azkenik, emakumearen arloa. Herriarekin eta herriarendako lan egin nahi dutela berretsi dute. Azkenik, dei egin zuen herritarrez osatuta ez dagoen zerrendari botorik ez ematea.