Premiak bueltan ekarri du bitartekaritza zerbitzua

Guaixe 2011ko maiatzaren 17a

Kulturen arteko ulermenerako zubi-lana eginen du Bitartekaritza ZerbitzuakIaz, estreinakoz martxan jarri zuen Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak Bitartekaritza Zerbitzua. Lau hilabeteko eskarmentuak eraman du ibarreko erakundea zerbitzua berriro martxan jartzera. Sakanako Mankomunitatearen Bitartekaritza Zerbitzua dagoeneko martxan da. Sei hilabetez izanen da martxan. Haren arduraduna ibarrean 20 urte bizitzen daraman gizon marokoarra da. Arabieraz gain, gaztelania, frantsesa eta ingelesa ezagutzen ditu.EgitekoakBitartekaritza Zerbitzuaren egitekoen artean daude hizkuntza ezberdinen arteko harremanetan sortzen diren zailtasunak eragoztea. Etorkinek eta bertako eragileek elkarri esandakoa egoki ulertzea. Komunikazio arazoak eragozteaz gain, ibarrera etorritako herritarrei bertan eskaintzen diren zerbitzuak jakinarazteko zeregina izanen du zerbitzuak. Aldi berean, bitartekaritza lanak eginen dira zerbitzutik, etorkinen beraien artean, baita Sakanako populazio guztiarekin ere. Egiteko horretan Afrika iparraldeko kulturaren ezaugarri esanguratsuenak sakandarren artean zabalduko ditu bitartekariak. Horrekin batera, ibarreko zerbitzuetan kulturen arteko talkak sor ditzakeen "gatazkei" irtenbide egokia ematen saiatuko da. Azkenik, sakandar berriak ibarrean egokitzeko bitartekoak eskainiko ditu bitartekariak, beti ere norberaren ikurrak kontuan izanda. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, ikastetxe, gizarte zerbitzu edota osasun zentroetan itzulpen lanak eginen ditu. Sakanako zerbitzuetako profesionalei Afrika iparraldeko biziera eta bizipenen berri emanen die. Aldi berean, kontinente horretako emakumeen arteko topaketak sustatuko ditu. Eta gizarteratzeko garrantzitsuak (aisia, ludotekak, guraso elkarteak...) diren esparruetan parte hartzea sustatuko du.Zerbitzua nola ibiliBitartekaria, immigrazio teknikari Bego Zestaurekin batera ariko da. Astelehenetan Etxarri Aranatzen, astearteetan Irurtzunen eta ostegunetan Altsasun. Beti ere, 9:30etik 13:00etara. Bitartekaria gainontzeko egunetan, Zestaurekin batera, topaketa eta egitasmoak lantzen ariko da. Zerbitzua erabiltzeko eskaera egin behar da: 648 070 710 telefonoan edo immigrazioa@sakana-mank.com helbidean.Sakandarren proposamenak ongi etorriak izanen direla aurreratu digute.