Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
UGTren Nafarroako lurralde kontseilua ostiralean Altsasun bildu zela baliatuta egin zituen adierazpen horiek Juan Goyen Delgadok, idazkari nagusiak. UGTko buruak esan zuen sindikatua prest dagoela paktu handi horren alde lan egiteko, "baina ezinbestekoa da beste batzuen elkarlan edo, behintzat, oztoporik ez jartzea". Kausa propioakKrisiak Sakana gogor kolpatu duela aitortu zuen eta hainbat datu eman ere. Goyenek azaldu zuenez, Sakanako krisiak "kausa propioak ere baditu". UGTko buruak esan zuenez, "ibarrak zituen kokapen geografikoko abantailak galdu ditu. Lizarra eta Zangozako korridoreen konpetentzia du orain. Agian ibarrak ez da gai izan aldaketei aurre egiteko eta zerbitzu eskaintza hobetzen, inbertitzeko toki erakargarria bihurtzeko". Goyenek salatu egin zuen udalek bizi duten "egonkortasun falta" dela egungo egoera ekonomikoaren beste arrazoietako bat. "Abertzaletasun erradikalak udalak barrutik baldintzatu ditu edo kanpotik txantajeatu, eta eskualde garapenerako oztopo bihurtu dira". Goyenen ustez, udaletan barne banaketak, erabakiak hartzeko gaitasun eza, azpiegiturak tramitatzeko mantsotasuna edo trabak eta ekimenei etengabe jarritako oztopoak eskualdea baldintzatu dute. "Desastrearen azken faktorea politiko-sindikala da. Sindikatu abertzaleen jarduera, gehiengoa den ELArena bereziki, ezker abertzalearen esanetara dago". Gamesako kasuan Madrilgo bileretara ez joatea leporatu zion sindikatuari. Eta gaur egun, Olatzagutiako porlandegiko balorizazio egitasmoaren kontra aritzea leporatu zien.SakanazIbarreko UGTko arduradun David Medina Castrok Goyenek esandakoa berretsi zuen: "Sakanan lan eta bizi nahi badugu denak batera egin behar dugu. Eragile guztiak bildu, oinarriak jarri eta gero eraikitzea". Medinak esan zuenez, Abian plataformak egindako proposamena egoki ikusten zuen, baina "lehenik adostu eta gero eskatuz, eta behar denean zarata ateraz. Baina ez hauteskundeak baino hilabete lehenago manifestazioa antolatuz".DatuakMedinak salatu zuenez, apirilean kontratu mugagabeen %12 besterik ez zen mugagabea izan. "Lan erreformak ez du ezertarako balio". Bestalde, 45 urtetik gorako langabeen %40 ikasketarik gabekoa da. "Haiendako lana opatzea drama izanen da".