Aiztoa prest

Guaixe 2011ko maiatzaren 20a

«Honetarako jaio nintzen, ta honengatik hilko naiz» entzuten du gazte batek bere burua gutxiengoaren gutxiengotzat hartzen duelarik. Eta «Zein da zure helburua? Zein aburua?» datorkio burura, azken urteetan galdera ikurren lagun bilakatzen hasi dela ohartzen den heinean. «Mezu bat dugu zabaltzeko, harro daudenak apaltzeko, zentzuak odolustutzeko aiztoa prest». Egia baita amorrua kanalizatu nahian izan dela azken boladan.«Egonezin puta honen kontra, adierazpen librearen alde, gure arimak hustu ta zuenak bete». Esku artekoa tresna dela sinetsiz. Sentituz. «Zuek segitu rock’n’rolla salbatzen, zaindu irudia. Guk bihotzak josiko ditugu berriz» ez baitira tresna guztiak helburu bererako erabiltzen. Egozentrismoa eta egoismoaren arteko amildegia handituz.«Ardi txuria sentitzen garelako artalde beltzean. Ardi beltza sentitzen garen moduan, artalde txurian». Eta ez du jarrera justifikatu nahi edota dena galdutzat eman. Zergatiaren sustraira jo. Minutu batez beltzak zuri bilakatu eta zuriak beltz.«Honetarako jaio nintzen ta honengatik hilko naiz». Isilean eta hausnartzeari nahi gabe ekinez, galdera berak errepikatzen ditu naturaltasun handiagoz. Naturaltasuna errespetuak dituen konnotazioak zalantzan jartzen hasi da. Esanahia argitaratzen. Ez baitu argi errespetatzea maiz pentsatzen dena ez esatea ote den. Amorrua ere naturaltasunez kanalizatzeko... «Zein da zure helburua, kabroi alena?».Lakuntza. Larunbata 21. «Mezu bat zabaltzeko» Orangutan Swimming Etxarritik, Habeas Corpus Madrildik eta Governors eta Des-kontrol Arrasatetik. Aiztoa prest.Pello Reparaz