Rural Kutxak ez du Espainiako Itzulian aritzeko gonbidapenik jasoko

Guaixe 2011ko maiatzaren 23a

Rural Kutxa talde profesional kontinentalak sekulako kolpea jaso du: ez du Espainiako Itzulia antolatzen duen Unipublic enpresaren gonbidapenik jasoko. Denboraldi bikaina darama iaz Burunda Txirrindularitza Taldetik jaio zen eskuadrak, garaipen eta guzti, baina Unipublic enpresatik azaldu diete "oso zaila ikusten dutela Espainiako Itzulirako gonbidatzea". Unipublic enpresak la Pro Tour taldeak ez diren taldeendako lau gonbidapen ditu. Hiru gonbidapen emanak ditu: Geox-TMC, Cofidis eta Andalucia-Caja Granada. Eta laugarrena airean dago. Rural Kutxa kanpo geratu denez, Holandako Skil-Shimano edo Frantziako FDJ taldeendako izan daiteke. Giroaren ondoren emanen dute horren berri.Aipatu taldeak Rural Kutxaren maila berekoak dira, baina dirudienez Rural Kutxa "bere gaztetasunagatik" utzi du kanpoan Unipublic-ek, eta nonbait, 2012an aritzeko baimena eman nahi zio talde nafarrari. Albistea oso gogorra izan da Rural Kutxarendako, helburu nagusia Vueltan parte hartzea baitzen. "Taldearen azpiegitura hobetu dugu, irudi ona eman dugu lasterketetan, garaipenak lortu ditugu... kirolari begiratuta erabaki hori ulertezina da" adierazi dute taldetik. Orain Vueltarako lehen erretserba izango da Rural Kutxa.