Urbasan natura eta artea bat

Guaixe 2011ko maiatzaren 25a

Sakandarren batek azken aldian Urbasa bisitatu badu, agian, harrizko edo egur eta abarrezko irudiekin eginen zuen topo. Javier Olaizola Alfarok egindako eskulturak dira. Sortzez oreretarra izan arren, Artatzan, Ameskoan bizi da. Etxetik bertan, Urbasako mendizerran aurkitu du sorkuntzarako inspirazio iturri agortezina. Artea naturan sortzen du Urbasan bertan aurkitutako osagaiekin. Abarrekin egindako baso gorrixka, egur eta abarrez egindako saski edo irudi borobila, harrizko forma bereziak... denetarik egin du. Urbasan sortu eta bertan uzten ditu egindako lanak. Beraz, egunak pasatu ahala, Urbasan bertan hondatzen dira. Ubabako behatokiaren inguruan edo Urbasako arrasorako bidean Olaizolaren sorkuntzak aurki ditzakegu.