Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren 28an, larunbatean, 20:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrera: 4 euro (bazkideek 3)Musikarekiko maitasunak gidatzen ditu Etxarri Aranazko abesbatza eta Sakanako Haize Berriak banda. Haien bideak behin baina gehiagotan gurutzatu dira. 2008an elkartu ziren azken aldiz, Jose Luis Ollo zenaren omenezko kontzertuan. Hiru urteren ondoren, bihar bilduko dira. Nork bere aldetik hasiko du musika bidaia. Bigarren zatian, Jesus Guridiren Eusko Irudiak ezagunean topo eginen dute eta, elkarrekin, Queen taldearen Bohemiam rapsody obrarako bidea eginen dute. Bidaia anitza eta atsegina iragarri dute. Haiekin bat egitera gonbidatu dituzte sakandarrak.Lehen zatiaHaize Berriak Bandak emanen dio hasiera kontzertuari Ralph Vaughan William-en English Folk Song Suite obrarekin. 1923an idatzitako obra Britaniarraren konposizio ospetsuenetakoa da eta jatorrian bandarentzat idatzi zuen. Ingalaterrako abesti herrikoiez hornitutako hiru pieza ditu. Ondotik, Etxarri Aranazko abesbatza igoko da eszenatokira. XX. mendeko bi obra sakrorekin hasiko du emanaldia, Morten Lauridsen-en O magnum mysterium eta Franz Bielben Ave Maria ederrekin. Jarraian, Ameriketara eginen dute salto. James Erb-en Shenandoah beltz espiritualak Misuri ibaiaren mugimendua imitatzen du eta Glenn Milleren Moonligth serenade obran abesbatzak big band itxura hartuko du. Bakarkako emanaldia amaitzeko, erritmo ezagunak aukeratu dituzte: Flying Pickets talde britainiarraren Only you abesti ezaguna eta euskal dantza erritmoak oinarri dituen Josu Elberdinen Segalariak obra.ElkarlaneanKontzertuaren bigarren zatian bat eginen dute Sakanako Haize Berriak bandak eta Etxarri Aranazko abesbatzak. Jesus Guridiren Eusko Irudiak obra ezaguna interpretatuko dute elkarrekin. Guridik musikara eraman zituen euskal kostako arrantzaleen eguneroko bizitzako hiru momentu. Musikak itsasoaren aurkako borroka, herritarren harrera eta festa giroa islatzen du. Zenbait melodia ezagun ageri dira, besteak beste, Boga-boga, Hator-hator eta ezpata-dantza alaia.Kontzertua amaitzeko, XX. mende hasieratik amaierara eginen salto eta Euskal Herria atzean utzi eta Erresuma Batura bidaiatuko dute. Britainiako Queen rock banda handiaren Bohemian Rhapsody ezaguna interpretatuko dute. Freddie Mercuryren abestiak rapsodia klasiko baten egitura du, ohiko rock abestietatik urruti. Abestiak arrakasta itzela lortu zuen. Etxarriko abesbatzak eta Sakanako bandak haren bertsioarekin agurtuko dute kontzertua.