Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kantabriako Los 10.000 del Soplao 125 km-ko ultramaratoi gogorrean 14.a izan zen Begiristain eta 21.a Pelaez, probako lehen emakumeaAsteburuan Kantabriako Cabezón de la Salek Los 10.000 del Soplao II. Ultramaratoi mendi lasterketa izugarria hartu zuen. Izena eman zuten 100 korrikalariak ostiralean, gaueko 11:00etan atera ziren Cabezón de la Saletik, Sierra del Escudo, Monte Aa, Ucieda eta Cos bitartean 125,22 km-ko eta 8.836,59 metroko desnibel pilatua zuen ultramaratoi gogorra egiteko asmoz. El Infierno Cantabro izendatzen dute proba; hortaz, kontuan hartu nolakoa izan daitekeen. Tartean hiru sakandar zeuden: Dantzaleku Sakana klubeko Aitor Begiristain eta Jone Pelaez altsasuarrak eta Aitziber Larrion altsasuarra.Tamalez, Aitziber Larrionek proba utzi behar izan zuen. Aldiz, gainontzeko bi sakandarrek lan bikaina egin zuten, proba bukatzea lortu zuten 68 korrikalari eskasen artean goialdean sailkatu baitziren. Tierra Tragame taldeko Manuel Merillas leondar gaztea izan zen garailea, ia 13 ordu t´erdi korrikan pasa ondoren (13:27:26). Aurreko errekorra oru bat eta hiru minututan jaitsi zuen apenas 18 urte dituen Merillasek. Aitor Begiristain 14.a sailkatu zen (17:47:12), sekulako lana egin ondoren. Ibilbideari tamaina hartu zion eta itzuli bikaina egin zuen. Jone Pelaez, lehen emakumeaJone Pelaezek sorpresa eman zuen eta 21. postuan heldu zen helmugara (19:39:49), lehen emakumea izanik. Berak ere ez zuen halako emaitzarik espero. "Bigarrena sailkatu zena, Ana Bustamante, Transgrancanarian bigarrena edo hirugarrena izan zen. Ez nuen lehen emakumea izatea espero, baina hasieratik oso ondo sentitu nintzen eta oso gustura egin nuen proba" nabarmendu du altsasuarrak.Jone Pelaezek fisura txiki bat du belaunean, baina tratamenduarekin oso ongi birsortzen ari zaio belauna eta kontentu dago. Sakanako Ibilaldi Handia korrikan egin zuen, belaunak nola erantzuten zidan ikusteko eta ongi ibili nintzen, eta El Soplaoko proban ere belauna probatzea zen asmoa. Eta agi denez, primeran erantzun dio. "Eguraldi pronostikoak akaso euria egingo zuela adierazi zuen eta beldur hori genuen. Euririk ez, baina gauean sekulako lainoa zegoen eta kontu handiz ibili behar izan ginen, ez zelako apenas ikusten eta lurra irristakorra zegoelako. Eta hurrengo egunean sekulako eguzkia eta beroa egin zuen, espero ez genuena " azaldu digu.Probaren ezaugarriak Jonerendako aproposak ziren. "Igoera oso handiak ziren, baina igoera konstanteak, erritmo indartsuan eta korrika igotzeko modukoak. Niretako moduko aproposa, erresistentzia handia baitaukat eta indar mental handia. Horrela 200 km lasai egin ditzaket. Aldiz, lasterketa motzagoetan gaizki ibiltzen naiz, gogorragoak egiten zaizkit" azaldu digu igandean Zegama-Aizkorri maratoian ariko den Jone Pelaezek. "Zegamakoa beste mundu bat da, munduko onenak aritzen dira. Hobe moldatzen naiz distantzia luzeagoetan eta Zegaman sufrituko dut, baina inskripzioan onartu naute eta aterako naiz" gaineratu du.El Soplaoko lasterketan Jone Pelaez eta Ana Bustamante aurrean izan ziren eta sarritan batak besteari pasatzen zion eta alderantziz, baina azkeneko 30 km-etan Jonek aurrea hartu zion eta Bustamantek ez zion erantzun ahal. Azkenean, ordu pasa atera zion altsasuarrak Bustamanteri (20:46:26). Lasterketarekin kontentu geratzeaz gain, Pelaez txundituta geratu da Kantabriako paisaje zoragarriekin.Montblanc helburuJone Pelaez eta Aitor Begiristainen helburu nagusia abuztuaren 28an jokatuko den Montblanc ultratrail famatu eta gogorrean aritzea izango da (168 km eta 20.000 metroko desnibela). Dagoeneko badituzte bertan parte hartzeko beharrezkoak diren puntuak. Hain zuzen ere Montblanceko proba prestatzeko aritu dira El Soplaon, eta Jone helburu berarekin ariko da uztailaren 15ean Beasainen jokatuko den Ehun Milak ultratrailean (168 km, 11.000 desnibel positiboa).