Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean, maiatzaren 29an, bi mendi lasterketa garrantzitsuz gozatzeko aukera izanen da. Batetik, aurten 10. edizioa beteko duen Zegama-Aizkorri mendi maratoi famatua dago jokoan, Munduko Koparako 2. proba puntuagarria dena. Goizeko 9:00etan abiatuta, korrikalariek 42,195 km dituzte aurrez aurre, eta 5.472 metroko desnibel pilatua. Besteak beste Aratz, Aizkorri, Aketegi, Aitxuri (1.551 m, probako altuena) eta Andraitz gainditu beharko dituzte eta ikusgarria da bai proba bera eta baita korrikalariak animatzera aipatu mendietan biltzen den jendetza ere.10. urteurrena dela eta, eta antolatzaileek ospakizun berezia egin nahi izan dute. 450 korrikalarik parte hartuko dute proban. Munduko Kopako 2. proba puntuagarria denez, antolakuntzak 100 dortsal erreserbatu ditu dituen konpromisoak estaltzeko. Eta beste 125 dortsal erreserbatu ditu orain arteko ekitaldi guztietan parte hartu duten korrikalarien eta azken bi ekitalditan denborarik onenak lortu dituzten korrikalarien presentzia bermatzeko. Geratzen ziren dortsalak (225), zozketatu egin zituen. Hortaz, parte hartu ahal izatea konplikatua izan da, baina korrikalarien artean sakandarrak egongo dira, Jone Pelaez eta Antonio Salgado altsasuarrak artean. Askok izena eman dute baina kanpoan geratu dira.Bestalde, igandean baita ere II. San Cristobal-Ezkaba Traila izango da jokoan, Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria den bigarren proba. 25,7 km-ko lasterketa da, 1.457 m-ko desnibela duena. Korrikalariak San Cristobalera igo beharko dira. 200 korrikalari ingururen parte hartzea espero da. Iaz Angel Arrieta eta Maitane Txueka sakandarrak nagusitu ziren.Bukatzeko, aipatzekoa da Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituaren barruan, igandean Baztango XVIII. Mendi Ibilbidea antolatu dela (36 km eta 2050 m desnibela).