Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Nafarroako dantzari txikien bilgune izanen da Agoitz. Herrialde osoko 1200 dantzari txikik bat eginen dute festarekin. Sakanak ordezkaritza zabala izanen du: bertan izanen dira Altsasuko eta Etxarri Aranazko Etorkizuna dantza eskolako dantzari txikiak, Arbizuko eta Lakuntzako Elai Alai taldeko dantzari txikiak eta Irurtzungo Orritz taldeko dantzari txikiak. Denera, 30 bat talde eta 1200 dantzari txiki espero dituzte.Agoizko Angiluerreka elkarteak eta Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, goizeko 11:00etan emanen diote hasiera euskal dantza festari. Dantzari txikiak Agoitz inguruko herrietan banatuko dira. Eguerdiko 13:00etan bat eginen dute Agoitzen, kalejira erraldoian. Bertan, dantzari txiki guztiek Flash mob erraldoia eginen dute, Zazpi Jauzi eta Txulalai elkarrekin dantzatuz. Jarraian, herriko futbol zelaian izanen dute ekitaldi nagusia. Dantzariek erakustaldi ederra eskainiko dute. Festa mahaiaren inguruan agurtuko dute, paella erraldoiarekin. Antolatzaileek musika, gaztelu puzgarriak, jolasak eta zozketak ere iragarri dituzte. Egun ederra pasatzeko osagai guztiak daude.