Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo hasi zen Dauphiné Liberé ezaguna, Tourraren prestakuntzarako proba bikaina. Izan ere, Tourrean ariko diren txirrindulari askok hartzen dute parte proba ezagun honetan. Tartean, lau sakandar ditugu: Euskaltel-Euskadi taldeko Gorka Verdugo, Egoi Martinez eta Pablo Urtasun, eta Movistar Team taldeko Imanol Erbiti. Atzo proba atarikoa jokatu zen, 5,4 km-ko erlojupekoa. Rabobank taldeko Lars Boomek atarikoetan espezialista izaten jarraitzen zuela konfirmatu zuen eta lehena izan zen Saint Jean de Maurienneko helmugan, Astana taldeko Vinokourovi 2 segundo atera eta gero. Gorka Verdugo etxarriarrak sekulako lana egin zuen: 22.a izan zen, 16 segundora, Samuel Sanchezen denbora berean. Pablo Urtasun 68.a izan zen, 25 segundora, Egoi Martinez 82.a, 29 segundora, eta Imanol Erbiti 95.a, 31 segundora. Gaur etapa gogorra dute jokoan txirrindulariek, Saint-Pierre-de-Chartreuse portu gainean despedituko dena. Etapako 144 km-etan lau portu gaindituko dituzte, bi laugarren mailakoak, bat hirugarren mailakoa eta azkena, etapa bukaera, bigarren mailakoa. Goian egon nahi duten txirrindulariak, faborito handiak, aurrean ikusiko ditugu. Afizionatuak. Alberto Martinek 19. garaipena eman dio Rural KutxariMadrilgo San Fernando de Henaresen jokatutako proban, Rural Kutxako Alberto Martin izan zen garailea. Denboraldi honetan dagoeneko Rural Kutxak 19 garaipen lortu ditu, eta iaz lortutako 40 garaipenak berdintzeko lan erdiak ia eginak ditu. Bestalde, atzo Cartagenako Vuelta jokatu zen, garai batean hainbat etapetako itzulia baina gaur egun soilik egun bateko proba. Seguros Bilbao taldeko Ramón Domene bakarrik iritsi zen helmugara, irabaziz. Bigarrena Rural Kutxa talde sakandarreko Francisco Garcia izan zen. Garcia Murtziako erregioko txapelduna izan zen. Bukatzeko, Lugoko Voltako azken etapan, Rural Kutxako Paul Kneppers bigarrena izan zen, eta Bergaran jokatutako Euskadiko txapelketetan, 23 urtez azpiko sailkapenean Rural Kutxako Beñat Txoperena bosgarrena sailkatu zen. Francisco de Vicente senior, master eta beteranoen Nafarroako Itzuliko garaileOstiralean hasi zen, Cascanten, eta igandean Irurtzunen despeditu zen senior, master eta beteranoen Nafarroako Itzulia. Irurtzungo etapa gogorra izan zen, 105 km-koa, itzuliko etapa nagusia. Besteak beste, Orokieta gaina, Basakabi gaina, Uitzi gaina eta Zuarrarrate gainditu behar izan zituzten. Madera Valladolid taldeko Francisco de Vicentek irabazi du Nafarroako Itzulia, Carlos Palacios eta Antonio Martinen aurretik. Irurtzungo etapako esprintean Inelecma taldeko Oscar Negrete izan zen azkarrena, Angel Mari A cedo eta Jose Antonio Larrearen aurretik.