Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Giro ederrean ospatu zuen Andra Mari ikastolak ikasturte akaberako festa Uharte Arakilen. Goizetik pilota partidak, herri kirolak eta dantzariak izan ziren. Udaletxean eskulanen erakusketak jarri ziren, baita 90-91 ikasturtean ikastola nolakoa zen erakusten zuen bideo bat ere. Orduko ikasle eta irakasle gehienak agertzen zirenez behin eta berriz errepikatu zuten emanaldia. Larrabieta pilotalekuan ia 250 pertsona bildu ziren bazkaltzera. Sustapen batzordeko gurasoen trebezia sukaldean nabarmendua izan zen. Zozketa ere izan zen. Urdaiazpikoa zein altueratan zegoen txintxilitatuta asmatu zuenak eskuratu zuen pieza. Arratsaldean DBH 1eko ikasleen musikala eta DBH 2koen koloreen esanahiaren inguruko antzezlan banarekin gozatzeko aukera izan zen. Txikiak puzgarriekin gozatzen zuten bitartean, Edor Zubeldia irakasleak jarritako doinuekin gozatu ziren helduak, ospakizuna iluntzera arte luzatuz. OmenaldiakBazkaldu ondoren, ohi bezala, omenaldien txanda izan zen, Uharte Arakilgo Ijurko Risko familia izan zen omenduetakoa Andra Mari ikastolako bazkide 25 urtetan izateagatik. Irakasleendako aipamenik ere izan zen. Ikastolan 25 urte lanean aritzeagatik Mikelatxo Floresek omenaldia jaso zuen. Aurten kopuru hori beteko luke ere Arantxa Gorrotxategi zenak eta harendako aipamena izan zen. Txus Congil zenak ere omenaldia jaso zuen, urtetan Euskal Herrian eta ikastolan drogamenpekotasuna lantzeko egindako lanagatik. Azkenik, 14 urteko ibilbidearen ondoren ikastola utziko duten DBH 4ko ikasleak omendu zituzten.