Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko BTT Zeharkaldiaren 16. edizioa izanen da igandean. 50,5 km-ko ibilaldi ederra prestatu dute, eta Gipuzkoako parajeetan sartuko dira.Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Saila buru-belarri lanean dabil iganderako antolatu duen 16. Altsasu BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldia ongi ateratzeko. Julian Claver arduradunak adierazi duenez, 800 pertsonarendako opariak prestatu dituzte, baina parte-hartzea eguraldiaren araberakoa izango da. "Asteazkeneko eguraldi iragarpenera itxaroten du jende gehienak, datuak fidagarriagoak direlako. Eta iragartzen dutenaren arabera apuntatzen da jende asko" dio Claverrek. Eguraldi ona iragarriz gero, 1.000 pertsonara hurbildu daitezkeela pentsatzen du arduradunak, bestela, kopurua jaitsiko dela. "Iaz 802 aritu ziren" gogoratu du. Momentuz 593 pertsonek bete dute inskripzioa www.clubciclistaburunda.com web orrian.Altsasuko BTT zeharkaldia proba ez-lehiakorra da. Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrena, eta jende askok urtero errepikatzen du. Helburua gure eskualdea erakustea, gure paisajeekin gozatzea eta bizikletarekin disfrutatzea da, txirrindularen egun bat ospatzea, finean. "Burunda BTT taldetik astero irteerak egiten ditugu eta abuztuan hainbat eguneko irteera luzeak, Estatu mailan, 700-800 km-koak. Honekin esan nahi dut ibilbide mordoa ezagutzen ditugula, baina gure ingurunea toki pribilegiatu bat dela egi borobila da" dio Claverrek. Hain zuzen ere, paisajeen edertasuna eta probaren antolakuntza ona da, parte hartzaileek gehien estimatzen dutena. Euskal Herritik, Errioxatik, Salamancatik eta gertuko probintzietatik datoz gehienak. "Sakanan ere zaletasuna dago. Klubekoak ezin gara aritu, lanean gaudelako, baina 100 partaide inguru erraz ari daitezke" nabarmentzen du Claverrek.Txirrindulariak igandean goizeko 9:00etan abiatuko dira Altsasuko Foruen Plazatik eta antolakuntzak prestatutako 50,5 km-ak osatuko dituzte. Duela bi urteko ibilbidea berreskuratu dute, Gipuzkoan sartu zena eta horrenbesteko arrakasta izan zuena. "Zehozer aldatu dugu baina antzekoa da. Aizkorri eta Altzaniako mendien ikuspegi pribilegiatuetaz gozatzeko aukera izango da" diote antolakuntzatik.50,5 km, Gipuzkoara sartuzTxirrindulariak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. Sorozarreta izango dute jarraitu beharreko norabidea. Segidan Urdalurko urtegitik pasako dira, handik gora jotzeko. Gipuzkoako Txorrokopunta igoko dute ondoren, Beundeko gainera iritsiz. Ibilbidean Aitzgorri, Aratz eta Altzaniako mendien mendien bista paregabea izango dute. Bertatik atzera ere urtegiko bidea hartuko dute. Urdalurko urtegian jaki eta edari hornidura egonen da, indarrak berreskuratzeko. Bertatik Orobera joko dute, gero Zapardira eta ur biltegi zaharrera. Likido hornidura Ibarreako fundizio zaharrean egonen da. Bertatik Sozarretara joko dute eta Dantzalekun bueltatxoa eman eta gero Altsasuko plazara helduko dira.Helmugan hornidura gune handia izango dute txirrindulariek, eta dutxa zerbitzua eta beste ez dira faltako. Izena eman duten lehen 800 txirrindulariek opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako bi pate, Lacturale esne kaxa bat, Lebanza botellina eta Kaiku produktuak.Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu du altsasuarrak. "Euskal Herriko egutegian proba inportanteenetarikoa da, zaharrenetarikoa, eta beste probetako antolatzaileendako ispilu gara. Gurean horrenbeste pista, xenda eta paraje eder daude... merezi du" azpimarratu du.Boluntarioen lanaIbilbidearen aurrekontua 20.000- 25.000 euro artekoa da. Dena ongi ateratzeko Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sekzioko lauzpabost pertsona aritzen dira lanean urte osoan. "Egunean bertan 120 pertsona inguruk lan egingo dugu. Ostiralean eta larunbatean hasiko gara lan potoloarekin. Bidea markatu, opariak, edariak, hornidurako gaiak eta beste prestatu... eta egunean bertan kontrol eta hornidura guneetan, inskripzio guneetan, ibilbidean barna eta ikusten ez diren beste hamaika lanetan aritu behar gara" azaldu digu Claverrek. Hori bai, boluntario guztiak hurrengo ostiralean Amandrea elkartean afaltzera gonbidatuko dituzte, esker moduan. Merezitako saria, dudarik gabe.Kafetxoa proba hasi baino lehenLacturalek postutxoa jarriko du, proba hasi baino lehen BTT proba ez lehiakorran ariko direnek kafetxoa edo esne beroa edan dezaten.Igandean bertan eman daiteke izenaOraindik ere izena eman daiteke, igandean, probaren egunean, 7:45etik 9:00etara, Altsasuko Gure Etxean. Federatuek 20 euro pagatu beharko dituzte eta federatu gabekoek 24.