Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak asteazkenean ebatzi zuen kultur arteko argazki lehiaketako saria. Lakuntzako egoitzan bildu ziren lehiaketara aurkeztutako zenbait parte-hartzaile. Zortzi gutun-azal eta 31 argazki eder zeuden mahai gainean. Hamaika jatorri eta kulturako herritarrak ageri ziren argazkitan. Aipagarria da Sakanako zenbait ikastetxeetako argazkien presentzia. Argazkiak ikusi eta komentatu ostean, irabazlearen izena jakiteko ordua iritsi zen. Epaimahaiak Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxeak aurkeztutako Denon ahaleginarekin lortuko dugu argazkia hautatu zuen. Lakuntzako ikastetxe publikoak eskolan bertan ateratako argazkian jatorri ezberdineko neska-mutilak ageri dira denak batera sokari tiraka. Epaimahaiaren esanetan, "sokatiraren irudia gizartera eraman daiteke". Ikastetxearen izenean plaka oroigarria jaso zuen Ane Miren Iruretagoienak, gainerako parte hartzaileen txaloen artean. Luis Fuentes eskolak 400 euroko saria irabazi du.