Sakanako bertsolari berriak BOTA egunera

Guaixe 2011ko ekainaren 10a

Nafarroako helduen bertso eskoletako ikasleak Lekunberri-Astizen bilduko dira larunbatean. Bertan ospatuko dute haien eguna, Bota Eguna.Joan zen urtean antolatu zen lehen aldiz Bota Eguna, Nafarroako helduen bertso eskolen arteko harremana sustatzeko eta taldeek herrialde osoan duten garrantzia plazaratzeko helburuarekin. Izan ere, helduen bertso eskolek gero eta indar handiagoa dute. Oskar Estangak BELEIXE irratian (FM 107,3) azaldu zuenez, "helduen bertso eskolak daude Beran, Lesakan, Lekarozen, Oronozen, Leitzan, Lekunberrin, Etxarri Aranatzen, Iruñean eta Nafarroako Hizkuntza Eskolan. Garrantzitsua da haien arteko sarea sortzea". Helburu horrekin bilduko dira asteburuan Lekunberri-Astitzen. Goizean goiz hasiko dute bertso eguna Astizko inguru zoragarrian eta egun osoko festa polita izanen dute. Etxarri Aranazko bertso eskolak ordezkaritza bidaliko du.