Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalbatza berriek kargua hartu dute eta 30 egun dituzte aurretik batzordeak osatu eta lanak banatzeko. Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Olatzagutiko PPko zinegotziak ez ziren agertu. ArakilGoñi alkateLarunbat eguerdian bildu zen estreinakoz Arakilgo udal berria. Adin mahaia Alicia Izko Aldabak eta Beñat Jauregi Solanok osatu zuten. Bilduko hiru zinegotziek legeak hala aginduta hitz eman zuten kargua. Lau zinegotzi independenteek bere hautagaiaren alde egin zuten eta, Bildukoek ere antzeko jokatu zuten. Horrela izan zen aukeratua Ruben Goñi Urroz. Publiko gutxik jarraitu zuen plenoa. Hura despeditu ondoren, udalbatza berria pintxo bat hartzera joan zen. IrurtzunIriarte bigarrenezNaBaikoTxiki Iriartek, alkate gisa, bere bigarren agintaldiari ekin zion larunbat eguerdian. Patxi Goikoetxeak eta Iñaki Razkinek osatu zuten adin mahaia. UPNkoak ez beste, legeak hala aginduta hartu zuten kargua gainontzeko zinegotzi guztiek. Alkatea aukeratzerakoan hiru alderdiek bakoitzak bere alkate-gaiari eman zion boza, eta zazpi botoren babesarekin eskuratu zuen alkatetza Iriartek. Bilduk hauteskundeetan zerrenda-buru aurkeztu duen Eider Carrion Ninatantak ez zuen zinegotzi kargua hartu, udalarendako lanean hasi behar duelako. Bere ordez Felix Javier Mendia Villanueva sartu da udalera. IrañetaBeraza udal agintari berria Larunbatean bildu zen lehen aldiz Irañetako udal berria. Bost zinegotzien artean irintarren babes gehien jaso zuen zinegotzia, Pedro Beraza Gastesi aukeratu zuten alkate. Uharte ArakilRodriguez alkate, popularrik gabeko plenoanUharte Arakilgo alkate Javier Rodriguez Astiz da Bilduko zerrenda-burua. Larunbat eguerdian egin zen udala osatzeko bilkura eta bertara koalizioko bost zinegotziak besterik ez ziren agertu. Legeak hala aginduta hitz eman zuten kargua Bilduko kideek. Alkate izendatu berriak, bilkura akaberan hitza hartu zuen eta esan zuen Uharte Arakilera aldaketa iritsi zela. Bilduko kideak "uhartearren interes orokorrarekin konpromisoa" hartu dutela ziurtatu zuen. Udala ireki eta "kudeaketa garden eta parte-hartzailea" aurrera eramateko asmoa azaldu zuen. Aurrean dituzten erronken aurrean, Uharte Arakilgo alkate Javier Rodriguez Astizek aipatu zituen: egoera ekonomikoa, hirigintza plan zaharkitua, hainbat arlotan erregulazio falta eta Hiriburu eta Zubiaur-Mendikoa industrialdearen egoera. Horrekin batera, euskara eta euskal kulturaren sustapena, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko lana eta garapen jasangarria aipatu zituen. PPko kideei zuzenduta, Rodriguezek salatu zuen "oraindik ere, ez dute esan zer egin behar duten herriaren alde. Hauteskunde programarik ez dute eta ez dakigu zer nahi duten herri honetarako". Popularrek lan egin nahi badute, horretarako aukera izanen dutela gaineratu zuen. Rodriguezek Euskal Herriaren askatasun nahiari aipamen eginez bukatu zuen bere hitzaldia: 1932ko ekainaren 19an udal honek bere ordezkari Silverio Astiz Lakuntzaren bidez Euskal Autonomia Estatutuaren alde bozkatu zuen. Gaur, guk gure herriaren etorkizunaren inguruan askatasunez erabaki nahi dugu". PPko bi kideek ez zuten kargurik hartu. Ekitaldia jarraitu zuten Iruñeko kazetari batzuk azaldu zutenez, PPko egoitzan esan zieten "intimidazio" giroagatik ez zirela joanen bilkurara. Rodriguez alkateak horren aurrean azaldu zuen herrian egon gabe ezin zela halakorik esan eta popularrei boza eman zieten uhartearrekiko errespetu falta zela ez agertzea. Bilkura gelan jende dezente bildu zen eta plenoaren ondoren, plazan auzatea izan zen. ErgoienaBigarren emakume alkateaMaria Isabel Senar Berastegi aukeratu zuten alkate. Ergoienak izan duen bigarren emakume alkatea, Olatz Berastegiren ondoren. Larunbatean, 10:00etan, bildu zen estreinakoz udal berria. Bilkura hasieran Fernando Jose Etxauri Gallardonek eta Jon Ruiz Goldarazenak osatu zuten adin mahaia. Askogain zerrendako Fernando Javier Amado Barriga faltatu zen bilkurara.Zerrenda bakoitzak bere hautagaiaren alde egin zuen eta zinegotzi baten faltan berdinketa izan zen. Zerrenda bozkatuena zenez, Askogaingo Maria Isabel Senar Berastegi aukeratua izan zen alkate. Ergoienako udaleko kideak ostegun arratsalderako jarri dute hitzordua. Lanean hasteko udal ardurak banatuko dituzte. Etxarri Aranazko alkate berria Jose Ignacio Bakaikoa Aristorena da. Bilduko zazpi zinegotzien botoa jaso zuen. NaBaik txurian bozkatu zuen. Koalizio horretako Miguel Angel Goñi Ixurko faltatu izan zen bilkuran, baita PPko zinegotzia ere. Etxe handian larunbat eguerdian ziren zinegotzi guztiak legeak hala aginduta hartu zuten kargua. Jende gutxi bildu zen bilkura gelan. Bakaikun udala osatzen goiztiarrenak izan ziren. 9:30ean hasi zen Bilduko Ion Tabar Cayuela alkate izendatuko zuen bilkura. Aurretik zinegotzi berriak aurreko legegintzaldian alkatetzan izan direnekin batzartu ziren. Jende ugari bildu zen. Bildurekin aurkeztu den Sebas Aristizabal izanen da Urdiaingo alkate berria. Berak eta bere zerrendakideek legeak hala aginduta hitz eman zuten kargua. Urdiaindarrak Baturik Aurrera zerrendako kideek, berriz, hitz eman zuten. Bilduko kideek gogoan izan zuten hauteskunde emaitza oso estua izan zela eta elkarlanean aritzeko deia egin zuten. Altsasuko hirugarren emakume alkatea izanen da Garazi Urrrestarazu. Bilduko lau bozak jaso zituen. NaBai eta Ezker Batuak txuri bozkatu zuten. Gainontzeko alderdiek, PSN, UPN eta PP, nork bere hautagaiari eman zioten boza. Bilduk eta NaBaik, legeak hala aginduta hitz emanez jaso zituzten karguak. 50 bat pertsona bildu ziren pleno aretoan eta www.hitzondo.net atariak zuzenean eman zuen bilkura. Olatzagutiko alkate berria Bilduko Gurutze Rodriguez Armendariz da. Bere kideen bost botoak jaso zituen. Sozialistak abstenitu egin ziren eta zinegotzi popularra ez zen udaletik agertu. Udal bilkura 11:20ean hasi zen, udal idazkariaren autoak matxura izan eta horregatik berandu iritsi zelako. Ziordian alkate karguan jarraituko du Jesus Arresek. NaBaik bere zerrenda-buruari eman zion botoa eta Bilduk ez zuen aurkeztu. Bukaeran, bi zerrenda-buruen artean hika-mika egon zen. Bilduko Teodoro Percaz Mendiak idatzi bat irakurri nahi izan zuen, eta alkateak ez zion hitzik eman nahi izan hasieran baina, azkenik, idazkariaren bitartekaritza eta gero, idatzia irakurri zuen Bilduko kideak.