Xalak finala jokatu nahi du eta pilotarien babesa du

Guaixe 2011ko ekainaren 14a

Pilota munduan garai nahasiak daude. Yves Salaverry "Xala" pilotariak atzo prentsaurrekoa eman zuen Irunen, bere medikuaren eta abokatuaren laguntzarekin. Buruz buruko finala jokatu nahi duela berretsi zuen lapurtarrak "nirea delako". Xalak ezin izan zion negarrari eutsi bere eskaera egin zuenean. Abokatu bat kontratatu du auzia azter dezan, eta ez du baztertu epaitegietara jotzea igandeko finala behin behinekoz bertan behera geldi dadin. Hala ere, helburua "akordioa" lortzea dela nabarmendu zuen, ez duelako "konfliktorik" nahi. Jakina denez, apendizitis ebakuntza egin berri diote Xalari, eta Borja Oses EPELeko epaile bakarrak finala 19an jokatu behar zela erabaki zuen eta Xalaren ordez Oinatz Bengoetxea ariko zela. Erabakiak polemika handia piztu zuen, hain zuzen ere ekainaren 12an jokatzekoa zen finala, baina Aimar Olaizola finalistak eskuak gaizki zituela eta, aste bateko atzerapena onartu zitzaion. Aldiz, Xalari ez zaio atzerapenik onartu, nahiz eta hasiera batean finala uztailaren 3ra atzeratuko zela esan, eta lapurtarrak atzo adierazi duenez, uztailaren 3rako buruz buruko txapelketako finala jokatzeko moduan egonen litzateke. Horretarako mediku txostena aurkeztu zuen. Xalak pilotari eta pilotari ohi askoren babesa jaso du bere eskakizunetan. Hala jakinarazi dute eskutitza batean. Besteak beste, Irujok, Julian Retegik, Barriolak, Titinek edota Aitor Zubietak, Xalaren lagun eta botileroak, sinatu dute. Baita ere Alberto Ongayk, Jose Javier Zabaletak eta Oskar Lasa pilotari ohiak. Oinatz Bengoetxeak azaldu duenez, "Xala egiten ari dena normala da, nik ere egingo nuke". Bestalde, Aspek EPELek hartutako erabakia berresten duela adierazi du atzo publikatutako prentsa oharrean. Aipatzekoa da EPELen epaile bakar Borja Osesek ez zela atzo Xalarekin bildu nahiz eta aurretik hitzordua izan, "Xalak aurretik email bat bidali behar ziolako". Hortaz, gauzak nahasi daude eta finala igandean jokatuko lukete Aimar Olaiolak eta Oinatz Bengoetxeak.