Sakanako Parapenteen Topaketa arrakastatsua

Guaixe 2011ko ekainaren 15a

Sakanako Baiza Parapente Taldeak larunbatean antolatutako parapenteen topaketa arrakastatsua izan zen oso. Eguraldiak lagundu zuen - iparraldeko haize lasaia - eta Urbasako bargatik, Santa Marinatik, hegaldiak egiteko aukera izan zuten parapentelariek. "Euskal Herriko beste parapente klubetatik jende asko etorri zen gurera, gehienak Gasteizetik eta Iruñatik, baita Oñatitik ere. Asko gu hegan ikustera hurbildu ziren, baina beste batzuk hegan egiteko aukera izan zuten, biplazarekin 12 hegaldi egin baitziren" adierazi dute Baizakoek.Ikusleak Bakaiku eta Iturmendi arteko pabilioi batean bildu ziren, parapenteak Santa Marinatik jaisten ikusteko. Gainera, Laketen txistorra, Katealde pateak eta Naparbier garagardoa dastatzeko aukera izan zuten, dohain. Topaketan parte hartu zutenak Altsasuko Il Padrino jatetxean afaltzera bildu ziren, gonbidatuta. "Topaketa posible egin duten guztiak eskertu nahi ditugu" nabarmendu dute.