Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako eta Arbizuko 60 dantzak parte hartuko duteBiharkoa egun handia izanen da Lakuntzako Elai Alai taldeko dantzariendako. Ikasturtea agurtzeko, egun osoko festa izanen dute. Nola ez, dantza izanen da ospakizuneko osagai nagusia. Eguerdiko 12:30 aldera emanen diote hasiera jai egunari, kalejira erraldoiarekin. Fanfarrearen doinu alaiak lagun, Lakuntzako eta Arbizuko dantzariek herriko karrikak zeharkatuko dituzte kalejiran. Herriko plaza izanen dute helmuga. Bertan, dantzaldi ederra eskainiko dute. Dantza taldeko irakasle Hodei Floresek jakinarazi digunez, "urtero ikasturte amaierako festarako dantza berriak prestatzen saiatzen gara". Aurten, hilaren hasieran, Agoitzen, Dantzari txiki egunean mustutako dantzak eskainiko dituzte. Elai Alai taldean 5 eta 26 urte arteko 60 dantzari daude, gehienak Lakuntzakoak, baina baita Arbizuko batzuk ere. 6 taldetan banatzen dira: dantzari txikien bi talde, adin erdiko hiru talde eta handien taldea. Hodei Flores, Olatz Arraiza, Olaia Martiarena eta Urko Mauduit irakasleek gidatzen dituzte. Bihar, 6 taldeak lanean ikusteko aukera izanen da. Egun osoko jaiaDantzaldiaren ostean aurrera jarraituko du Elai Alai egunak. Dantzariek, juntako kideek eta fanfarreak bazkaria izanen dute herriko pilotalekuan. Denera, 80 bat lagun bilduko dira. Ondoren, 15:30 aldera, jolasak antolatu dituzte.