Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako eskola txikiak kurtsoa despeditzeko bilduko dira gaur Urdiainen. Ikasle eta irakasleekin batera, gurasoek ere parte hartuko dute topaketan, hezkuntza komunitate guztia batuz. Hitzordua 9:50ean dute jarrita Urdiaingo eskolan. Adinaren arabera ikasleak banatuta, hainbat jardueratan parte hartuko dute. Hala, Haur Hezkuntza eta LHko 1. mailakoak hainbat tailerrekin gozatzeko aukera izanen dute. 11:15ean, gainontzeko ikasleekin Urdiainen barnako kalejira batean parte hartuko dute. Handik bueltan gosaria eta bertso saioa izanen dituzte. Txikienek goiza despeditzeko Kriki eta Kroko pailazoen emanaldia izanen dute. LH 2. eta 3. mailako ikasleak eskolako patioan egonen dira. Kalejira eta gosarirako etenaldia kenduta, ginkana berezi batean parte hartuko dute. Izan ere, ikasle guztiek eginen duten ginkana horren bidez Urdiaingo eskolako patioko pareta batean grafitti bat eginen dute. Topaketari 12:40an emanen zaio agurra. BigarrenaIturmendiko Arrano Beltza eskolako irakasle Ana Lopetegik esan digunez, "goiza ongi pasatzeko aukera da 21ekoa. Gainera, ikasleek ibarreko beste herrietako haurrak ezagutzeko aukera izanen dute". Lopetegik gogorarazi digu ez dela halako topaketa batean lau eskolak biltzen diren lehen aldia. "Abenduaren 2an Olatzagutian Eskola Txikien Euskararen Eguna ospatu genuen". Estreinako esperientzia positibo harren ondoren etorri da bigarren hau.Lopetegik ere lau eskoletako hezkuntza komunitateak ibarreko eskola txikiendako koordinatzaile bat lortzeko lanean jarraitzen duela esan digu.