Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako ELA sindikatuko delegatuek kontzentrazioa egin zuten ostiralean Altsasun, Nafarroako Gobernuari Sakanako etorkizuna bermatzea eskatzeko. Debate politikoaren erdian ibarraren egoera jartzea izan da ELA sindikatuaren asmoa. "Izan ere azkeneko 3 urteetan Sakanako egoera izugarri kaskartu da. Enpresa anitzek itxi egin dute eta lanpostu ugari desagertu dira" adierazi du Sakanako ELAko arduradun Gorka Viergek. "Hauteskundeen garaian batzuk eta besteak hona etorri ziren eta aho handiarekin esan zuten etorkizuna bermatuko zutela bailarako bizilagunendako. Hauteskundeak pasa dira eta orain urratsak emateko garaia da, neurri konkretuak hartzeko garaia, eta horregatik esaten diogu Barcinari eta bere gobernuari has daitezela gure etorkizuna bermatzen, lan handia dutelako" nabarmendu du ELAko arduradunak. Zehazki, inbertsioak erakartzea, dauden postuak bermatzea eta Sunsundegui enpresari dagokionez, plantaren etorkizuna bermatzeko erabaki politiko bat hartzea eskatzen diote Nafarroako Gobernuari. Sunsundegui erosi, bestela akaboJakina denez, Nafarroako Gobernuak duela bi urte interbenitu zuen Altsasuko Ibarrea industrialdean dagoen Sunsundegui. Enpresaren egoera oso konplikatua zen, Gobernua sartu eta bere buruari bi urteko epea eman zion enpresa erreflotatu edo hondotik ateratzeko. Azkeneko hilabeteetan zuzendaritzak enpresa batzordeari planteatu dio lanorduak igotzea eta soldatak jaistea, eta negoziaketa prozesuan daude bi aldeak. "Plantillak eta enpresa batzordeak diote prest daudela negoziatzeko, baldin eta Nafarroako Gobernuak ziurtatzen badu Sunsundegui erosiko duela edo beste talde bati salduko diola. Alegia, enpresaren etorkizuna bermatzen bada langileak prest daude esfortzuak egiteko" adierazi du Gorka Viergek. Sunsundeguiren etorkizuna Nafarroako Gobernuak bere eskuetan duela argi dute ELAn. "Horregatik esaten diogu Gobernuari: zuk daukazu Sunsundegui erosteko aukera, exekutatu ezazu aukera hori eta horrek bermatuko liguke enpresaren etorkizuna, zeren zerga handia du Sunsundeguik atzetik" azpimarratzen du Viergek. Urriaren 31n bukatzen da Sunsundegui hondotik ateratzeko Gobernuak bere buruari eman zion epea. "Gobernuak nahi badu Sunsundeguik bizirik jarraituko du, bestela akabo Sunsundegui, langileak eta bertarako lan egiten duten enpresa txiki guztiak" ondorioztatzen du ELAko Sakanako arduradunak.