Sakanako irakurle klubek ikasturtea agurtu dute

Guaixe 2011ko ekainaren 22a

Asko dira literatura maite duten sakandarrak. Haietariko batzuk gainera ez dira konformatzen liburuak irakurtzen etxean gozatzearekin. Idazleen lanari zukua atera nahian, taldean elkartzen dira. Horrela sortzen dira irakurle taldeak eta literatura tertuliak. Sakanan lau talde daude: Olaztiko, Altsasuko eta Irurtzungo liburutegiaren inguruan sortutakoak eta Altsasuko Kima euskara taldeak sustatutako Testu bazka. Ikasturtearen amaieran, haien berri jaso nahi izan dugu.AltsasuAltsasuko hizketaldi literarioak Emakumeen Bilgunearen bultzadarekin sortu ziren. Hasiera hasieratik, udal liburutegiaren babesa izan zuen. Altsasuko taldeak indartsu jarraitzen du, eta udalaren ikastaroen agendako klasikoetako bat da. Urrian hasi zuten azken ikastaroa eta, zintzo-zintzo, hilean behin elkartu dira aukeratutako liburuari zukua ateratzeko prest. Nafarroako Liburutegien Sareak liburu lote eskaintza zabala du, eta haien artean aukeratzen du Elena Aristorenak. Hilero-hilero, liburuzainak hautatutako liburuari mamia ateratzeko bildu dira 12-15 altsasuar, "azken aldian denak emakumeak" argitu du Elenak. Beti ere "liburu landuak" direla dio, "liburu mamitsuak, hitz egiteko jokoa ematen dutenak". Batez ere gaztelaniazko liburuak landu dituzte, baina irakurle taldeko euskaldunek euskal idazleen lan originalak irakurtzeko aukera izan dute. Horien artean dago Juanjo Olasagarre arbizuarraren Ezinezko maletak, "benetan ederra". Ikasturtearen barruan, gogoan dituzte zenbait data. Esaterako, Emakumearen Egunean emakumeen edo haien gaia lantzen duten liburuak aztertzen dituzten. Bestalde, Liburuaren Egunean Patxi Irurtzun idazlearen bisita izan zuten.Ekainaren erdialdean amaitu zuten ikasturtea, baina dagoeneko Elena Aristorena datorren ikasturtea prestatzen ari da. Ikasturte hasierako liburuak aukeratuta ditu: Jokin Muñozen El camino de la oca eta Paul Auster-en Brooklyn follies. Udako oporraldian haiek irakurtzera gonbidatzen ditu altsasuarrak eta ondoren, haiei mamia ateratzeko, hizketaldi literarioetan parte hartzera. Testu bazkaAltsasuko Kima euskara taldeak bultzatuta sortu zen Testu bazkak baditu gainerako taldeen ezaugarri batzuk: literatura maite duten lagunak biltzen dira bertan, idazketaren sekretuak ezagutzeko eta testuei mamia ateratzeko helburuarekin. Baina Testu bazkaren berezitasunak nabarmenak dira: euskarazko liburu eta idatziak lantzen dituzte eta ez dute etxeko lanik. Testu bazka Kimaren bultzadarekin sortu bazen ere, orain talde autonomoa da. Zazpi bat lagunek osatzen dute irakurketa taldea. Hilean behin zuten hitzorduak ez zituen asetzen, eta ikasturte erdialdetik bi astetik behin biltzen dira. Izaskun Etxeberriak proposatutako testuak irakurri eta, denen artean, testuari mamia ateratzen diote. Urritik ekainera, denetariko idatziak landu dituzte, Bibliatik hasi eta nobela beltzeraino. Gaur agurtuko dute ikasturtea udazkenean itzultzeko gogoz.OlaztiOlatzagutiko irakurle taldeak bigarren ikasturtea amaitu berri du. 2009an hasi zuten ibilbidea indar handiarekin. 10 bat olaztiarrek taldeari eutsi diote. "Batez ere 30-50 urteko emakumeak dira" azaldu digu Arantxa Alavak. Olaztiko liburuzainak jakinarazi digunez, "talde autonomoa da, haien artean ateratzen diote zukua liburuei". Arantxa berriz, kudeaketaz arduratzen da. Ikasturtean zehar Nafarroako Liburutegi Sareko zenbait liburu lote eskatu dituzte. Bereziki arrakastatsuak izan dira Jokin Muñozen El camino de la oca edo Jose Luis Sampedroren La sonrisa etrusca. Maiatzean amaitu zuten ikasturtea eta dagoeneko ikasturte berriari begira jarri dira. Juanjo Olasagarre arbizuarraren Ezinezko maletak-Maletas imposibles liburuarekin hasiko dira. 20 liburuko lotea Olaztiko liburutegian izanen da udan. Arantxak liburuak irakurri eta literatura tertulian parte hartzera animatzen ditu olaztiarrak. "Talde malguak dira eta ez dute zertan denetara joan, baina probatu dezatela" animatzen du.IrurtzunIrurtzungo irakurle klubak ibilbide luzea du, baina aurten nobedade bat dute: liburutegi berria mustu dute. Irurtzungo liburuzain Beatriz Lacallek jakinarazi digunez, udazkenetik udaberri amaierara arte hilero-hilero elkartu dira 12 bat irurtzundar. Sofia Villegasek koordinatzen du taldea. Udan oporrak hartuko dituzte eta ikasturte berrian irakurle klubean komentatzeko hamaika konturekin itzuliko dira. Altsasuko taldearen oharra: Hizketaldi literarioakEskoletako kurtsoak bukatzear daude baita urtean zehar liburu baten inguruan ospatu diren hizketaldi literarioaren saioak ere. Urteak dira liburutegi zaharrean irakurketa gustuko zuten emakume talde bat biltzen hasi zela. Liburuzainarekin, emakumeen bilguneko arduradunarekin eta urte askotan gu bakarrik bildu eta lanean aritu gara. Ideologia, adin eta estilo ezberdinetakoak izan arren, denok komuneko interesa azaldu dugu beti: literatura eta berak gozatzeko ematen digun aukera.Idazle klasikoak, oraingo eleberriak, olerki liburuak, hemengo idazleak...denak ditugu gogoko. Eta aukera izanez gero, idazleak guregana hurbiltzea eta gurekin parte hartzea gustura onartzen dugu. Horrela aurten Marina Aoiz Monreal, Maite Pérez Larumbe eta Patxi Irurzun izan dira gure artean.Hau dena martxan jarri ahal izateko ezinbestekoak dira liburuak, noski. Eta horretarako liburuzainen lana eskertu behar dugu: liburutegi sarean dauden liburu bildumak lortu eta Altsasura ekartzen baitizkigute.Hilabetean behin Iortia kultur guneko aretora hurbiltzera jende berria gonbidatzen dugu urtero, gure taldea gero eta aberatsago bihurtu dadin. Orain ere proposamen bera egiten dugu eta jakin gure kurtsoaren bukaera honetan ez dagoela azterketarik ezta notarik ere, baina zerbait jarri beharko bagenu denontzako "bikain" jarriko genuke, ilusioa eta interesa mantendu dugulako eta eragozpen guztien gainetik jarraitzeko apustua egin dugulako: Zorionak eta aurrera!