Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltel-Euskadi taldeak konfirmatu du zein den Frantziako Tourrean ariko den bederatzikotea. Oinarri nagusia iazko taldea da, Samuel Sanchez buru Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrek errepikatzen baitute, Amets Txurruka, Ruben Perez, Ivan Velasco eta Alan Perezekin batera. Bi txirrindularik, ordea, munduko txapelketa nagusienean debutatuko dute: Pablo Urtasun urdiaindarrak eta Gorka Izagirrek. Samuel Sanchez lider nagusia izango da. Taldearen helburu nagusia etapa bat irabaztea da. Bestalde, Samuel Sanchez podiumera igo ahal izateko azken egunera arte borrokatuko du taldeak. Ilusio hori behintzat badute. "Iaz Samuelekin podiuma lortzetik oso gertu egon ginen eta amets hori badugu" adierazi du Igor Gonzalez de Galdeanok. Hortaz, liderrarendako lan handia egin beharko dute Egoik, Verdugok eta Urtasunek. Egoi eta Verdugo beteranoak dira Tourrean. Aurtengoa bere zortzigarren parte hartzea izango da Egoirendako, eta seigarrena Verdugorendako. Aldiz, urdiaindarra aurten estreinatuko da. Erbiti, berriz, bigarren aldiz ariko da Tourrean. Tourra uztailaren 2tik 24ra jokatuko da. Uztailaren 3an 23 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko da, eta etapa hori prestatzeko bihar kontzentratuko da Euskalteleko bederatzikotea, Arabako Errioxan aritzeko. Bestalde, Movistar Team taldean dabilen Hiriberriko Imanol Erbiti ere Tourrean ariko da. Movistar taldeak oraindik ez du zehaztu zein izanen den bere bederatzikotea, baina Erbitik denboraldi hasieratik badaki bertan ariko dela. Luxuzko ezkutaria izango da.