Hasi dira industrialdeko lanak

Guaixe 2011ko ekainaren 24a

Aurreko asteetan materiala pilatzen aritu ondoren, aste honetan hasi dira Urdiain-Altsasu industrialdeko lehen faseko lanak. Ez dira urbanizatzeko lurrak mugitzen hasi. Lehen lanak Urdiain eta Altsasu lotzen dituen bigarren mailako errepidean (NA-2410) hasi dituzte, haren bazterrean, bi herrien muga inguruan. Ur hornidura eta bestelako azpiegiturak eramateko lanak hasi dituzte. Errepide zati horretan etorkizunean industrialdera sartzeko biribilgune bat aurreikusia dago.Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak jakinarazi duenez, lehen fase horrek 169.345 m2-ko azalera du. Haietatik 90.924 m2 industria partzeletara bideratuko da. Neurri ezberdinetako lursailak planteatu dituzte, enpresa txikiak, ertainak eta handiak hartu ahal izateko. Departamenduaren asmoa da industrialdea faseka egitea, "dagoen industria-lurzoruaren eskaerara egokituz". Urdiain-Altsasuko industrialdearen lehenengo fasea urbanizatzeko lana Harinsa Navasfalt enpresari eman zion Nasuinsa enpresa publikoak, 2.524.430 euroren truke. Lanak egiteko epea 10 hilabetekoa da.Jarrerak Aurreko legegintzaldian Urdiain eta Altsasuko Udalek behin eta berriz eskatu zioten departamentuari mahai bat osatze eta han adostea zein enpresa etorriko diren industrialdera.Bestalde, industrialdeak hasieratik izan ditu aurkariak. Hura egin aurretik gaur egun dauden baliabideak optimizatzea eta bestelako garapen eredu bat aldarrikatu dute.Industrialdeari buruzko datuakUrdiain-Altsasu artean 938.689 m2-ko azalerako industrialdea aurreikusi da. Bi sektoretan dago banatuta. Aurrenak, Urdiaingoak, 647.139 m2-ko azalera du. "Jarduera ekonomikoen ohiko poligonoaren egitura du, partzelazio malguarekin, enpresa txiki eta ertainak ezartzeko". Bigarren sektoreak, Altsasukoak 290.558 m2-ko azalera du.  "Azalera handiagoko partzeletarako pentsatutako antolamendua du, eta merkantziak trenbidez garraiatzeko pentsatutako partzela handi bat du".