PPko Uharte, Etxarri eta Olaztiko zinegotziek ez dute kargurik hartuko

Guaixe 2011ko ekainaren 27a

Uharte Arakilgo (2), Etxarri Aranazko (1) eta Olatzagutiko (1) zinegotzi popularrek ez dute haien kargua hartuko. Nafarroako PPko idazkari nagusi Eloy Villanuevak jakinarazi duenez, lau zinegotziek arrazoi pertsonalak argudiatu dituzte zinegotzi karguak ez hartzeko. Villanuevak gaineratu duenez, lau hautetsi popularrak "ez dute nahikoa lasaitasun sentitzen eskualde horretan lau urtez lan politikoa egiteko. Funtzio politikoa betetzeko behar bezalako erosotasunik ez dute".Villanuevak dimisio eman duten pertsonei esker ona azaldu die eta, aldi berean, hartutako erabakiagatik errespetua ere azaldu du. "Herri horietan PPren zerrendan egotea meritu bat da. Pertsona horiek kuraia erakutsi dute hauteskundeetan aurkeztean". Kargua hartuko ez duten zinegotzi postuak beste pertsona batzuk hartuko dutela ziurtatu du Villanuevak. "PPren boto-emaileak ez diegu hutsik eginen. Bitartekoak jarriko ditugu beste pertsona batzuekin PPren mezua udal horietan egoteko". PPko buruak ziurtatu du hiru udaletan PP presente egonen dela. Irurtzunen ezik, Sakanako beste lau herrietan PPk aurkeztutako zerrendako pertsonak ezezagunak dira herrietan. Bestalde, hautatuak izan diren herrietan ere nahikoa lan izan dute udal langileek haiekin harremanetan jarri eta udal osaketako deialdia jakinarazteko, ez baitzekiten nora jo. 5 zerrendaPopularrak Sakanan bost zerrenda aurkeztu zituzten udal hauteskundeetan. Irurtzunen ez zuten ordezkaritzarik lortu. Altsasun Frances Parisek hartu egin du zinegotzi kargua. Uharte Arakilen Iñigo Saenz Murga eta Juan Jose Saenz De Urturi Garcia arabarrek lortu zuten zinegotzi akta. Etxarri Aranatzen, berriz, gasteiztarra. Olatzagutian, azkenik, Aitor Gonzalez Gonzalez. Hiru herri horietako zerrendak ixteko izen ezagunak jarri zituen PPk: Jose Cruz Perez Lapazaran eta Jose Ignacio Palacios Zuasti nafarrak eta Ignacio Cosido Gutierrez diputatu palentziarra.