Erreflexio markoa sortu nahi da denen artean, egoeraren diagnosia egin eta epe ertain-luzerako proposamenak adosteko. Beste marko batzuekin osagarria da Batzar irekia lau hilero bilduko da eta mahai eragilea hilero bilduko daHainbat erakundeetako 26 ordezkari bildu ziren asteartean Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan. Guztiak ere Sakanan bizi dugun krisiari aurre egiteko premiak eraman zituen. Eta gehiengoz erabaki zuten Sakanako eragile sozio-ekonomikoen hausnarketarako marko orokorra sortzea. Asteartean bertan funtzionamendua eta metodologia onartu zituzten. FuntzionamenduaAbianek proposatutako funtzionamendu proposamena onartu zen bilkuran. Hala mahai sortuko dira. Batetik, batzar irekia, asteartean bildu zena. Han Sakanako eragile sozio-ekonomikoak eta interesa duten bestelako pertsonak eta erakundeak parte hartzeko aukera izanen dute. Batzar irekiaren helburua da ahalik eta ikuspuntu gehien jasotzea. Ikuspuntu horiek baliagarriak izanen dira gero ibarreko egoeraren diagnosia egiteko eta proposamenak egiteko ere. Abian-ek batzar irekiak sei hilero egitea proposatu zuen, baina batzarkideek lau hilero egitea proposatu zuten eta hala onartu zen. Beharrezko jotzen denean maiztasun hori murriztu eginen da. Eragileek batzar irekia deitzeko aukera ere aztertu zuten. Beste aldetik, larrialdi mahai operatiboa ere sortuko da. Haren inguruan eragile sozio-ekonomikoak besterik ez dira eseriko. Hau da, alderdiak, mankomunitatea, udalak, sindikatuak eta enpresari elkarteak. Jasotako diagnositikoekin proposamen zehatzak landu beharko ditu larialdi mahaiak. Hilabetero bilduko da eta mahaiak berak zehaztu beharko du bere lanerako funtzionamendua eta metodologia. Lehen bilera garilaren 21erako jarri dute. Osteguna, 17:00etan, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan. Eragileek egindako diagnistikoak jaso eta haien gaineko eztabaida hasiko dute. Horretaz gain, haien zeregina ere izanen da mahairen dinamizatzaileak aukeratzea. IrizpideakLarrialdi mahaiak berak bere funtzionamendua erabakiko badu ere, Abian plataformak funtzionamendu irizpide batzuk onartu zituen, batzarkideek onartu zituztenak. Lehen irizpide bat irekitasuna da. Hau da, inori ezin zaiola ukatu parte hartzea. Horrekin batera, publikotasunaren irizpidea ere izanen du larrialdi mahaiak.Hau da, emaitza publikoak izanen direla. Larrialdi mahaiko parte-hartzaileei Abian-ek jarrera positiboa eta eraikitzailea eskatu die. "Desadostasun ugari agertuko dira. Baina adostasuna bilatzeko beharrezkoa da komunean ditugun puntuak garatzea eta, hortik, proposamen zehatzak ateratzea". Izan ere, onartutako azken irizpidea adostasun zabalak lortzea da.Krisi mahaiaren lehen bilerako asistentziaHasier Gonzalez (Bildu Altsasu), Sebastian Aristizabal (Bildu Urdiain), Jose Mari Otxoa-Errarte (Urdiaingoak Elkarturik Aurrera), Gorka Vierge (ELA), Gregorio eta Arturo Carreño (Altsasuko Ezker Batua), Yolanda Ormazabal eta Arantxa Erbiti (Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak), Ana Balda (Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak), Aitziber Razkin (Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak), Asun Fernandez de Garaialde y Lazkano (NaBai, Altsasu), Ruben Goñi (Arakilgo Talde Independentea), Haitz Uharte eta Ainara Aiestaran (Bildu Uharte Arakil), Maitane Intxaurraga eta Xabier Ulaiar (ezker abertzalea), Txeli Erdozia (Bildu Etxarri Aranatz), Gaizka Uharte (LAB), Cristina Irisarri eta Francisco Lopez de Alda Arrese (Sakanako Enpresarien Elkartea), Migel Anjel Jorge (Nafarroako Enplegu Zerbitzua), Xabier Goñi Lazkano (Sasoia), Patricia Fernandez (Bildu Olazti), Jose Ramon Garin (Lakuntzako alkatea), Juaquina Zubiria (Altsasuko Feministak) eta Ester Arregi (Bilgune Feminista). Cederna-Garalurrek ezin izan zuen bilerara joan.Bileren bideratzaileak Astearteko bilera bideratu zuten, batetik, Abian-eko Begoña eta Willy. Bestetik, plataformak eskatuta ere horretan aritu ziren Jon Lakuntza (Laket) eta Joseba Garmendia (EHU irakaslea). Azken bi horiekin batera Txiki Iriarte (Irurtzungo alkatea) ariko da, asteartean ezin izan zuen egon. Garmendiak asistentziari buruzko balorazio positiboa egin zuen. Jendea pixkanaka erakarri beharra nabarmendu zuen. "Lana hastean, kontsentsuak lortu ahala erakarriko ditugu". Eta garrantzia eman zion bilerara joan ez zirenei informazioa emateari. Berak esan zuenez, Sakanan krisi egoerari buelta emateko baliabide eta potentzialitateak daude. Beste eskualde batzuetan lortu dutela ere aipatu zuen.Ekarpenak egitekoAstearterako Abian plataformak hiru erakunde edota pertsonen diagnosiak jasoak zituen. Haiek banatu zituen. Batzarrean bertan feministek jakinarazi zuten beraiek beste bat lantzen ari direla, krisiari ikuspegi feminista emateko. Abian-ek jakinarazi duenez, ibarreko pertsonek eta eragileek egoeraren diagnosia bidali dezakete. Abian-ek batzarkide guztiei zabalduko dizkie e-postaz. Ekarpenak helbide honetara bidali daitezke: abianplataforma@gmail.com