Altsasuar bat SOS Haur Lapurtuak elkarteko buru

Guaixe 2011ko ekainaren 27a

Frankismoan eta ondorengo hamarkadetan erietxeetatik lapurtutako haurren berri izan nahi dute haien senideek. Baita adopzio irregularrak aztertu ere. Horregatik, SOS Haur Lapurtuak elkartean bildu dira. Larunbatean Iruñean eratze batzarra egin zuten eta Nafarroako elkartea eratu zen. Bileran 40 bat pertsona bildu ziren. Elkarteko buru eta idazkari Erkuden Zeberio Fernandez altsasuarra da. Euren senideak non dauden jakiteko "ahal den guztia" egiteko prest azaldu dira kideak. Horregatik, epaitegietara jotzeko asmoa dute, baina mobilizazioak egitea ez dute baztertzen. Norendako eta zertarakoZeberiok larunbatean jakinarazi zuenez, "gaiak kaltetutako edozeinek ditu elkarteko ateak irekita". Alde batetik leudeke, haurrak lapurtu zieten familiak. Bestetik, adopzioan hartu zuten haurren familiak. Horrekin batera, orain familia biologikoa bilatzen ari direnek ere aukera dute elkartean sartzeko. Azkenik, modu irregularrean adoptatuak izan eta orain berezko familia opatzen saiatzen ari direnei ere laguntzeko prest dago SOS Haur Lapurtuak elkartea.Talde sortu berriak interesatuei aholkularitza eman, nora jo azaldu eta informazioa emanen ditu. Helburu horiek betetzeko familiei laguntza eta aholkua emateaz gain, zer egin azaldu eta egoera argitzeko zein agiri eskatu behar dituzten azalduko diete. Aurretik zegoen Anadir elkartearekin hautsi dute elkarte berriko kideek, aurrekoaren zuzendaritzaren kudeaketarekin eta antolatzeko moduarekin ados ez zeudelako: hileroko kuotak ordainaraztea nahi zuten, langileak eta bulegoak mantentzeko. Elkarte berriaren oinarria lan boluntarioa izanen da. Hiru kasuNafarroako epaitegietan hiru haur desagertuen salaketak aztertzen ari dira. Elkarteak dio gehiago izanen direla. Harremanetarakonavarra@sosbebesrobados.es www.sosbebesrobados.es