Etxegarateko bidesaria zalantzan

Guaixe 2011ko ekainaren 30a

Gipuzkoako Foru Aldundiak heldu den urtetik aurrera 3,5 tona baino gehiagoko kamioiei bidesaria kobratzea erabaki zuten. Neurri haren alde egin zuten EAJ-PNVk, PSE-k eta H1!-ek. Baina hauteskunde ondoren Aldundiko indar banaketan aldaketak izan dira eta bidesariaren kontrako indarrak gehiengoa dute: Bilduk, PPk eta Aralarrek. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok dagoeneko adierazi du bidesaria ez dela jarriko. Aurreko legegintzaldian erabakia hartzerakoan argudiatu zuten Europako zuzentarau batekin bat egiten zuela horrela Aldundiak. Kontinentea zeharkatzen duen errepide sarea erabiltzen duten kamioiei zerga kobratzeak ahalbidetzen du zuzentarau horrek. Bestalde, Kutsatzen duenak ordaintzen du kontzeptuan oinarritzen da erabaki hori. Gainera, ibilgailuz gainezka dagoen eremu batean zirkulazioa nolabait erregulatu nahi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.Bidesaria Etxegaraten jartzeaz gain, Leitzarango autobian eta N-121 errepidean ere bidesariak jartzea ez zuen baztertu. Gipuzkoaren asmoaren berri izan bezain laster Nafarroako Gobernuak kontrako iritzia azaldu zuen eta erabakiari ere alegazioak aurkeztu zizkion. Garraiolariak ere ez zeuden batere gustura erabakiarekin eta protestak ere egin izan dituzte.