EHNE salmenta eta kontsumo egitasmoa jartzea aztertzen ari da

Guaixe 2011ko uztailaren 1a

Abeltzainak eta nekazariak biltzen dituen EHNE sindikatuak bere afiliatuen ekoizpena Lizarraldean saltzeko egitasmoa da Arco. Egitasmoa ekoizleendako etorkizunerako irtenbidea eta kontsumo arduratsuaren eredua bermatzeko bidea da. EHNEtik azaldu digutenez, kontsumitzaile eta ekoizleendako onuragarria da egitasmoa. Ekoizleek elikagaiak bitartekorik gabe saltzen dutelako. Kontsumitzailea, berriz, jan behar duen elikagaia non eta nola ekoizten den ezagutu dezakeelako. Elikagaiaren kalitatea handituz eta jakiak merkatuan duen prezioa murriztuz. Arco egitasmoa martxan egon den urte erdian laukoiztu egin dute ekoizleengandik zuzenean erosten duten kontsumitzaileen kopurua. Emaitza baikor hauek Arco egitasmoa Nafarroako gainontzeko eskualdeetara zabaltzeko apustua egitera eraman du EHNE. Sindikatuko kide da Aberri Barandalla etxarriarra. Berak esan digunez, Sakanako zenbait ekoizlek interesa dute gaiarekin eta ibarrean zerbait ikusteko aukera ikusi dute. Barandallak esan digunez, orain belarrekin eta bestelakoekin nahikoa lanpetuta daude, gero opor garaia heldu da eta, beraz, gaiari iraila aldera helduko diote proiektuaren nondik norakoak zehazteko. SaskiakLizarrako Arco egitasmoaren bidez gaur egun 86 familia pasatzen dira. Lizarrako EHNEk astero 58 barazki saski (10 eurotan) eta jaki ugari dituzten beste 28 saski banatzen ditu. Azken horietan behi esnea pasterizatua, arrautza ekologikoak, behi-gazta freskua eta ondua, ardi gazta, ezti ekologikoa, ardo ekologikoa, lekaleak, fruitu lehorrak, oliba olioa, patata eta  kontserba ekologikoak. Hilabete erdiro behikia eta ardikia ere eskaintzen dute.SalaketaEHNE sindikatuaren iritziz, elikaduraren kalitatea eta segurtasuna bermatzen duen eredua da berea. Baina sindikatua kexu da erakundeen babesik ez duela. Nafarroako Gobernuak iaz baserriko elikagaien salmenta zuzena arautzen duen legea onartu zuen, baina hura garatu gabe dagoela salatu du EHNEk. Horrek banatzaile eta industria erraldoiei mesede egiten diela salatu du ere sindikatuak. EHNEk azaldu duenez, aipatu legeak jakiak eraldatu eta salmenta zuzenean saltzen duten baserritarrei agindutako osasun-baldintzak errazten dizkie; hala ere, beti kalitatea eta elikadura segurtasuna bermatuz. Gainera, enpresa txikiak eta ertaina familiarrak jarduera berria eta diru sarrera iturriak dibertsifikatu dezaten gauzatzen du, Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala.