Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hori ikusi zuten larunbatean Euskal Trail Motards taldeak antolatutako I. Raid Lau Haizetara ekimenean parte hartu zuten motor pilotuek. Iaz sortu zen Euskal Trail Motards taldea, interneteko foro baten bidez, eta ordutik motor irteerak egiten dituzte. Tartean hainbat sakandar daude.Larunbaterako Euskal Herriko lau puntu kardinalak edo muturretan dauden herrian lotzeko egitasmoa prestatu zuten, Euskal Herria puntatik puntara zeharkatzeko asmoz, I. Raid Lau Haizetara ekimena. Itziarren jarri zuten hitzordua eta 18 pilotuk hartu zuten irteera, tartean bi sakandar, Jose Luis Izagirre altsasuarra eta Clemente dorrobarra. Bertatik Bizkaiko Lanestosara jo zuten, mendebaldera; gero Kortesera, hegoaldera; segidan Zuberoko Eskiula herrira, ekialdera; eta ondoren Lapurdiko Samatzera, iparrera. Ibilbidea hasierako puntuan despeditu zuten, Itziarren.Aldaketak"Gogorra izan da, oraindik agujetak ditut, baina aldi berean polita. Ibilbidea egiteko 15 ordu behar izan genituen. Gainera, aldaketa handiak izan ziren. Ateratzerakoan apenas 8 graduko tenperatura zegoen, baina Korteresa heltzerakoan 38 gradu. Pentsa! Eta errepideetan ere. Bizkaiko Lanestosara joateko errepidea oso estua zen, txirrindulariz beteta, eta gogorra egin zitzaigun. Erriberara bidean, aldiz, lasaiago ibili ginen. Iparraldean ere gustura ibili ginen, tenperatura eta paisaje ezberdinarekin. Euskal Herria ez dela hain txikia gure begiz ikusi genuen!" dio, irribarrez, Izagirrek.Ekimenaren balorazio positiboa egin du Izagirrek. "Ez genuen ez erorketarik ez inolako arazorik izan. Gogorra izan zen eta luzea, baina behin etxera ailegatuta, pozik. 998 kilometro egin genizkion guztira motorrari. Bateonbatek ibilbidea neguan errepikatzea proposatu zuen, baina ikusi behar" gaineratu du pilotu altsasuarrak.Euskal Trail Motards taldearen ekimenaren informazioa www.trail-motard.mforos.com web orrian topa daiteke.