Sakandarrak Espainiako Txapelketetan

Guaixe 2011ko ekainaren 29a

Asteburuan Espainiako Pistako Haurren Mailako Txapelketak eta Espainiako Kimuen Kopa jokatu ziren A Coruñako Sadan, bero itogarriarekin. Sakanako irristaketa klubetako 8 irristalari aritu ziren bertan. "Oso gogorra izan zen. 41 graduko tenperaturarekin kale gorrian zegoen pistan aritu behar izan ziren, baina bere maila erakutsi zuten gure neska-mutilek. Esperientzia positiboa izan da, eurek egindako lana, esfortzua eta emaitzak kontuan hartuta" azaldu du Sakanako irristaketa klubetako entrenatzaile Juli Acebesek.Haurren mailan Maider Agirre (Sutegi), Mireia Ribero (Sutegi), Sarabe Arakama (Aitziber) eta Ines Moreno (Altsasu) aritu ziren, eta kimuen mailan Unai Villalobos (Altsasu), Xabier Martirena (Altsasu), Amagoia Gomez (Altsasu) eta Erkuden Madinabeitia (Altsasu).Asteburu honetan jubenilen mailako Espainiako Zirkuitu Txapelketak jokatuko dira Gijonen, eta Sakanako irristaketa eskoletako lau irristalari ariko dira bertan. Ea zortea alde duten.