Tourra: Farrarrek Weylandt lagun minari eskaini zion garaipena

Guaixe 2011ko uztailaren 5a

Aurreikusi moduan, atzoko Tourreko etapa esprinterrendako propio den etapa horietako bat izan zen. Etapa hasi bezain pronto bost txirrindularik erasoa jo zuten, tartean Euskalteleko Ruben Perezek. Tropelari ia 8 minutuko aldea atera zioten eta 190 km egin zituzten elkarrekin ihesean. Baina helmugara hurbildu ahala esprinterren talde indartsuek tropela mugiarazi zuten baina alferrik, tropelak irentsi zituen. Esprintean Garmin taldeko Tyler Farrar nagusitu zen Feillu, Rojas, Hinault, Cavendish eta Hushovd-en aurretik. Azken kilometroan Garminek egindako lana bikain errematatu zuren Farrarrek. Jakina, Giroan zendutako bere lagun min Wouter Weylandt izan zuen gogoan eta berari eskaini zion garaipena. Gainera, atzo Estatu Batuetako festa nazionala zen, eta horregatik ere pozik egongo zen estatubatuarra. Sakandarrei dagokienez, Tourrean ari diren laurak tropelaren denbora berean sartu ziren. Egoi Martinez 24.a, Gorka Verdugo 67.a, Imanol Erbiti 81.a, eta Pablo Urtasun 166.a. Sailkapen orokorra kontuan hartuta, Garmin taldeko Thor Hushovdek jarraitzen du lider. Gorka Verdugo 110.a da, 2:55era; Imanol Erbiti 111.a, 2:58ra; Pablo Urtasun 148.a, 4:21era; eta Egoi Martinez 182.a, 7:39ra. Gaur laugarren etapa jokatuko da Bretainian barna, An Orianten hasi eta Murren despedituko dena, 172,5 km-koa. Ibilbide gorabeheratsua da. Etapa erdian laugarren mailako Côte de Laz mendatea dute, eta etapa bukaera hirugarren mailako Bretainiako murruan despeditzen da. Bukaera konplikatua, bada.