Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Despeditu den ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako Mari Jose Imaz Gurrutxagak pil-pilean dagoen berotegi efektuaren afera Andra Mari Ikastolako DBH 3. eta 4. mailako ikasleengana hurbildu zuen. Etxarri Aranazko Kultur Etxean Kyoto lantzen izenburupean burutu zen hitzaldiak CO2 gehiegizko isurketak dituen ondorioez ikasleak ohartaraztea zuen helburu.Euskara eta ingurugiroa uztartzeko asmoz, Ikastolek sortutako Oinez Basoaren helburuetako bat gaur egun gure planetan errekuntzaren ondorioz atmosferan CO2 kontzentrazioa handitzeak sor ditzakeen ondorio lazgarriez jabetzea da. Horretarako Unibertsitatean lur eremuen erabilera jasangarria bultzatzen duen taldeari afera ikasleei helarazteko laguntza eskatu zitzaion. Unibertsitate eta Ikastolen arteko lan komun horretatik espero den fruituen artean, hitzaldi horretaz gain, gaia jorratuko duen unitate didaktiko bat sortzea izanen da.CO2 berez ez da kaltegarria. Beti egon da atmosferan eta horri esker gure planetan bizitza posiblea egiten duen tenperatura egokia daukagu. Arazoa da lur azpian erregai fosiletan (petrolioa, gasa eta ikatza besteak beste) gordeta dagoen karbonoa urte gutxitan atmosferan jartzen ari garela CO2 moduan. Honek, bere kontzentrazioa handitzen du atmosferan eta ez du uzten eguzkitik datorren beroa behar adina kanporatzen. Lur planeta aireztatzeko leihoak ixten ari gara. CO2 berotegi efektuaren arduradun bakarra ez bada ere, kantitatean handiena da. Planetaren batez besteko tenperatura handitzeak bizidunengan eta klimatologian aldaketa nabarmenak bezain kezkagarriak dakartza: poloen urtzea, urtaroen desagerpena, prezipitazioen irregularitatea, bizi baldintzen aldaketa, espezien desagerpena, e.a.Honen aurrean bi gauza egin ditzakegu: alde batetik, CO2 isurketak murriztu kontsumo energetikoa gutxituz edota energia iturri berriztagarriak erabiliz. Norabide honetan Kyoton hartutako konpromezuak betetzetik oso urrun gaude. Bestetik, atmosferan dagoen CO2 landareen laguntzaz lurrera jaitsi ahal dugu materia organiko bihurtuz. Bigarren ildo honetan Oinez Basoak bere ekarpen xumea egin nahi du.Gure bizimoduak eduki dezakeen eragina agerian uztea izan zen hitzaldiaren xedea.